BIDE-HEZKUNTZA; BIZI-HEZKUNTZA

EMW 2022

Agerikoa da gurasoak kezkatuta daudela seme-alaben ongizate eta osasunagatik, eta saiatzen direla baliorik onenak transmititzen. Alde horretatik, oso garrantzitsua da haien bide-hezkuntzan eragitea, modu onuragarrian eta txikitatik.

Bide-hezkuntza beharrezkoa da, nola etorkizunerako, hala orainerako, adingabeak baitira trafiko-istripuengatiko arrisku-talde nagusietako bat.

Denok dakigunez, txikitan, ez daude garatuta gaitasun psikofisiko eta arrazoibidezko jakin batzuk, ez eta pertzepzio sentsitiboak eta psikomotrizitateak ere; horregatik, pertsona helduek lagundu behar dituzte beti.

Familia da haiek gidatzen eta jarraibide eta adibide zuzenak ematen lehena, eta, beraz, haien bide-ikaskuntzaren lehen arduraduna. Ez dugu ahaztu behar adin horretan ikaskuntza bikarioa dela, eta, beraz, instruktorea baino gehiago, jarraitu beharreko eredua dela.

Eredu bihurtzean, eredua eman behar da, arauak urratu beharrean. Esaterako, segurtasun-uhala erabili eta jarri behar diegu beti, bizikletaz ibiltzean kaskoa eta horretarako dauden erreiak erabili behar ditugu, araudiaren berri eman behar diegu haientzat egokia den moduan, eta garraio publikoan bidaiatzen dugunean errespetua erakutsi behar diegu.

Bestalde, badakigu adin horietan oso egokia dela jolas edo erronka txikiak egitea. Emaitza eraginkorragoak lortzeko, komeni da haientzat dibertigarria den modu batean egitea.

Nabarmendu behar da, bide-hezkuntza eraginkorragoa eta osoagoa izan dadin, komeni dela gurasoek irakatsitako portaera- eta balio-eredu horiek indartzea familiatik haratago duten ingurunean, hau da, ikastetxeetan.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak, bide-segurtasunean duen garrantziaren eta ondorioen jakitun, “Hezkuntzatik prebenitzea” programan, hezkuntza-eragile guztien eta, bereziki, ikastetxeen eskura jartzen ditu haurrentzako eta nerabeentzako hainbat ekintza eta baliabide.

Programa honek ertzainak eta udaltzainak prestatzen ditu, adin desberdinei egokitutako bide-segurtasunari buruzko nozioak emateko ikastetxeetan. Gainera, programa eta gida didaktiko batzuk jartzen ditu interesa duten erakunde, zentro eta pertsonen eskura. Hori guztia web orrian dago ikusgai (www.trafikoa.eus).

Ondorio gisa, bide-heziketa jasotzen duten adingabeek aukera gutxiago dute istripuren bat izateko, heldu arduratsuagoak izango dira, eta arauak ezagutuko dituzte; beraz, gidari hobeak, oinezko hobeak, txirrindulari hobeak eta bidaiari hobeak izango dira.

Semana europea22

https://mobilityweek.eu/campaign-resources/ 

ADIMEN ARTIFIZIALA OSASUNAREN ZERBITZURA 

health-basque-2022

Mutualiak Osasun Digitalaren Nazioarteko IX. Kongresuan parte hartu du, UPV/EHUren udako ikastaroen barnean. Donostian izan da ekitaldia, irailaren 12tik 16ra bitartean, eta hainbat erakundek osasun digitalari buruz dituzten ezagueren eta esperientzien berri eman dute, tresna digital berrien bidez osasun arretaren kalitatea hobetzeko xedez. 

Irailaren 16an, mahai-inguru bat egin da, Health 2.0 Basque guneak moderatuta, eta, mahai-inguru horretan, hainbat erakundek beren berrikuntzak aurkeztu dituzte, besteak beste, Minbiziaren aurkako Espainiako Elkarteak, Init Taldeak eta Vicomtech zentroak, Multiverse Computing konpainiak, Panel Health-ek eta Mutualiak.

presentacion_gema_ana

“Adimen artifiziala, bajen kontrol eta jarraipenaren esparruan” proiektua aurkeztu du Mutualiak, eta proiektu horren helburu nagusia hauxe da: osasun arloko gure profesionalek erabakiak hartzeko baliabideak hobetzea eta erabakion kudeaketan laguntzea. Proiektua garatu ahal izateko, hiru fase bereizi dira: 

  • Datuak eskuratzea. 11 urteko datuak bildu dira, anonimizatuta, eta Mutualiako Segurtasun Batzordeak gainbegiratuta bete da zeregin hori. 
  • Datuen azterketa, eta eredu prediktiboa, Kaplan-Hayer estatistika eta Weibull eredu parametrikoa aukeratzea. 
  • Mutualiako Etika Batzordearen ebaluazioa eta ondorengo hedapena. Adimen artifizialeko programetarako printzipio eta eskakizun etikoak betetzea, eta eredua pazientearen historia klinikoan txertatzea, bai eta gure osasun langileen prestakuntza ere. 

Mutualiako Informazio Sistemen arloak lanean jarraitzen du eraldaketa digitalerako prozesuan, pazienteei zuzendutako arreta-zerbitzu digitalak hobetzeko helburuarekin; bide horretan, pazienteen segurtasuna eta datuen babesa une oro bermatzen ditu. Arlo horretan, Etika Batzordea eta Pazientearen Segurtasunerako Batzordea ditu, betekizun horiek betetzen direla ziurtatzeko, bai eta AENOR erakundearen hainbat ziurtagiri ere, hala nola informazio-segurtasunari dagokiona, ISO/IEC/27001, eta Segurtasun Eskema Nazionalarekiko (ENS) adostasun-ziurtagiri berria. 

ABSENTZIA GUTXIAGO MUTUALIA ON!-EKIN 

Muskulu eta hezurretako nahasmenduak dira laneko absentzien lehen kausa, hala nola bizkarreko minak edo goiko gorputz-adarretako minak.  

Ebidentzia zientifikoak argi erakutsi du horrelako min eta gaitzak izateko arriskua gutxiagotzen duela egunero jarduera fisikoa neurrian egiteak. Kirolariak muskuluak berotu eta luzamenduak egiten ditu ahalegin fisiko bat egin aurretik; lan aktiboa duten pertsonek ere horixe egin behar dute. Hori horrela izan arren, enpresa askok ez dute lan-arloan espazio egokirik, langileei eguneroko zereginetarako prestatzeko aukera emateko edota, ildo beretik, lanaldian metatutako karga fisikoa kudeatzeko. 

Horregatik, MUTUALIAn asmo sendo bat hartu genuen: gure enpresa elkartuei horrelako egoeretarako irtenbide bat eskaintzea, langileek beren lanpostuan jarduera fisikoa neurrian egiteko aukera izan zezaten programa bat diseinatuz; muskulu eta hezurretako nahasmenduak murriztea eta, bide batez, osasun-egoera orokorra hobetzea zuen horrek helburu. 

Horrela, duela 5 urte, MUTUALIA ON! sortu zen, eta, orduz geroztik, hainbat jarduera-sektoretako enpresa ugarirekin lan egin dugu, eta, horri esker, nabarmen murriztu dira enpresa horietako langileen artean muskulu eta hezurretako nahasmenduen ondoriozko absentziak. 

Programa honen bidez, langileek eguneroko zereginetarako prestatzeko ohitura hartzea lortu dugu, eta muskuluak berotu eta luzatzeko ariketen errutina bat abian jartzea; horrela, gorputzaren tenperatura, odol-fluxua eta muskuluen elastikotasuna eta malgutasuna handitzea lortzen dute, lan-jardueraren bidez metatutako karga fisikoa kudeatzen dute, eta lesionatzeko arriskua murrizten da. 

Programa hau berrikusi eta dinamizatzeko zereginak amaitu ondoren, galdera-sorta bat egiten da programa gauzatzeko bidea eman diguten langile horien artean, eta horien gogobetetasun maila eta beren osasun-egoeran antzeman duten hobekuntza balioesten dira.  

Haiek egindako ekarpenetan jasotakoaren arabera, hauek dira adierazle nagusiak: 

  • % 91,4k egin du proposatutako errutina. 
  • % 86,2k uste du proposatutako errutina egokia dela bere lan-jarduerarako. 
  • % 89,9k proposatutako errutina bere zereginekin bateratu ahal izan du, lanpostuan eta laneko arroparekin egiten denez. 
  • % 53,2k bere muskulu eta hezurretako ondoezak murriztu direla sumatu du. 

Programan parte hartu nahi baduzu edo programari buruzko informazio gehiago izan nahi baduzu, jarri harremanetan gurekin: prebentzioa@mutualia.eus 


LAGUNTZA-MATERIALA

Gihar deskargako tailerraren horma-irudia

Gihar deskargako Z-card tailerra

16/2022 Errege Lege-dekretua, irailaren 6koa, etxeko langileen lan-baldintzak eta Gizarte Segurantzakoak hobetzekoa.

Errege Lege-dekretu honen helburua da etxeko langileen lan-baldintzak eta Gizarte Segurantzakoak besteren konturako langileen baldintzekin parekatzea.

Etxeko lanetarako langile bat kontratatuta duten pertsonei zuzendutako kotizazioko onurei eutsi zaie, edo zabaldu egin dira, Gizarte Segurantzako kotizazioan egin beharreko ekarpenean % 20ko murrizketa eginez. Gainera, % 80ko hobaria aurreikusten da enpresak langabezia-kotizazioan eta Berme Funtsean egin beharreko ekarpenetan.

Antolamendu juridikotik kanpo utzi da atzera egiteko aukera kaleratze kasuetan, ohiko babesa emanez, eta kontratuei buruzko informazioa emateko eskubidea edo kontratua idatziz formalizatzeko eskubidea txertatu da.

Dekretuak ezarritakoaren arabera, enplegatzaileek beren gain hartuko dituzte kotizazioaren arloko betebeharrak, enplegatzaile bakoitzeko hilean 60 ordu baino gutxiagoz lan egiten duten langileen kasuan, eta, beraz, kendu egin da langileek zuzenean afiliazioa, altak, bajak eta datuen aldaketak eskatzeko aukera.

Lege berriak zortzira mugatu ditu tarteak, zenbateko handieneko biak kenduz. Hortaz, hauek dira etxeko langileei dagozkien kotizazio-oinarriak 2023rako:

Kotizazio-oinarri horien gainean aplikatu beharko dira Gizarte Segurantzako kotizazioak, eta, urriaren 1etik aurrera (urtarrilaren 1etik aurrera hileko 60 ordutik beherako kontratuetan), beste bi kontzeptu izango dituzte: langabeziakoa eta FOGASAkoa (Soldatak Bermatzeko Funtsa).

Aldaketa horiekin guztiekin, horrela geratuko dira etxeko langileen (eta horien enplegatzaileen) kotizazioak:

Gaixotasun profesionalak

Halaber, ikerketa-batzorde bat sortzeko konpromisoa hartu behar dela xedatzen du arauak, eta batzorde horren helburua gaixotasunen koadroan generoaren ikuspegia txertatzea da, batik bat emakumeek betetzen dituzten lanetan gaixotasun profesionalen kasuan horien babesa emateko orduan dauden hutsuneak identifikatu ahal izateko eta zuzentzeko.

Elkarrizketa: ASLE

ASLE zuzendari kudeatzailea

ASLE. Euskadiko enpresa elkartea da, eta kapitalean langileen parte-hartzea duten lan elkarteak eta enpresak ordezkatzen ditu.

Elkarrizketa egin diogu Jone Nolte Usparichari. ASLEren zuzendari kudeatzailea da, eta izendatu berri dute Mutualiako 3. presidenteorde eta Bizkaiko Lurralde Batzordeko presidente.


  • Nola eta noiz sortu zen ASLE?

ASLE 1982an sortu zen, beraz, berrogeigarren urteurrena dugu aurten; industriaren eremuko eta Euskadiko hiru lurraldeetako 30 enpresaren baino gehiagoren ekimenez sortu zen. Enpresa horiek guztiak jabeek abandonatuta utzi zituzten krisiaren ondorioz, eta langileek hartu eta moldatu zituzten, bideragarri izatea lortu zuten arte. Segurtasun juridikorik gabeko garaian sortutako enpresa birmoldatuak izan ziren; izan ere, garai hartan ez zegoen langileen partaidetza zuten sozietateak arautzen zituen araudirik, eta, hain zuzen ere, ordezkaritza, elkarrizketa eta lobby behar horrek bultzatuta sortu zuten elkartea. Beraz, ASLEk jatorritik beretik izan zuen lehen erronka Lan Sozietate deituriko egitura juridikoa arautuko zuen legea bultzatzea izan zen, eta, azkenik, 1986an onartu zen.

ASLE 2022

 

  • ASLEk enpresak sortzen, eraldatzen eta finkatzen laguntzeko zerbitzua eskaintzen du.

ASLE enpresa elkarte bat da, eta enpresa elkartuen ordezkaritza egitea du, hortaz, eginkizun nagusia. Hala ere, ASLE zerbitzua emateko bokazioa duen erakundea da, eta, ondorioz, hainbat zerbitzu ematen dizkie Lan Sozietate eta Sozietate Partaidetu horiei, denboran zehar sendotu ahal izateko.

Azken gogoeta estrategikoan, ASLE jabetu zen enpresa elkartuei zerbitzuak eskaintzeaz gain, beste kolektibo batzuekin ere lan egin behar duela, Lan Sozietate eta Sozietate Partaidetu berriak sortu eta eraldatu daitezen. Aurretik ere ematen genituen era horretako zerbitzuak, baina ez genituen elkartearen berezko zerbitzu eta zerbitzu zehatz gisa katalogatuta. Horregatik, esan dezakegu ASLEk enpresa klasiko eta berritzaileen sustatzaileei laguntzen diela, eta, horretarako, Euskadiko ekintzailetzaren alorreko eragile guztiekin jarduten dugu elkarlanean; horrez gainera, enpresa bat krisi ekonomikoan dagoenean, birmoldaketa prozesuetan laguntzen diogu eta esku hartzen dugu, eta, enpresen jabeek erretiroa hartu ondoren, jabetza hori bertako langileei transmititzea planteatzen dutenei ere laguntzen diegu.

  • Enpresak sortzen laguntzeari dagokionez, aholkularitza edozein enpresa motari eskaintzen al diozue? Zertan datza laguntza hori?

ASLEk enpresa proiektu berri bat sustatzen duen edozein sustatzaile edo pertsona talderi eskaintzen dio aholkularitza, eta, lehenik eta behin, Lan Sozietateak proiektu horretan duen lekua baloratzen du. Lan hori bera egiten dugu gure ereduari buruzko ezagutza osatu nahi duten Euskadiko ekintzailetzako beste eragile batzuekin ere.

Aukerarik badago eta pertsona sustatzaileak edo sustatzaileek Lan Sozietate bat sortzea erabakitzen badute, eraketa prozesu osoan laguntzen diegu, hainbat laguntza eta dirulaguntza eskatzen laguntzen diegu, Lan Sozietatearen filosofian eta enpresa baten alderdi juridikoetan, ekonomikoetan eta kudeaketan trebatzen ditugu, eta lehenengo kudeaketa plana garatzen saiatzen gara, antolatzeko eta garatzeko gutxieneko irizpideak emanez, era horretara indartu egiten baitira arrakastarako aukerak.

  • Zer berregituraketa mota izan dezake enpresa batek eta zein da ASLEk eskain dezakeen laguntza?

Kontuan hartu behar dugu gauza jakin bat egiteko modua aldatzea dela berregituraketa.

Krisian dagoen enpresa bat badugu, egoera juridikoari, ekonomiko-finantzarioari eta antolaketari buruzko diagnostiko bat egin beharko dugu, eta enpresa proiektu berri bat planteatu beharko dugu, aurreko proiektuarekiko oinarri “aldatu” batzuetatik abiatuko dena eta etorkizunean bideragarria izango dena.

Aldaketak era eta sakontasun askotakoak izan daitezke, eta proiektu bakoitzaren arabera diseinatu beharko dira; esan dezagun “neurrira egindako traje” bat egiten dela.

Aztertzen ari garen proiektua jabetza txandakatzeko prozesu bat bada, diagnostiko bera egin beharko dugu, etorkizuneko proiektu partekatua definitu ahal izateko. Oro har, proiektu horietan ere aldaketak egin behar dira; izan ere, proiektu kaudimendunak izan arren, enpresen jabe askok, erretiroa hartzeko adina hurbiltzen ari den heinean, eta bereziki beren enpresa etorkizuna horixe denean, inbertitzeari uzten diote, merkatuaren joeretatik aldentzen dira, abangoardian egoteko aukera ematen dien harreman kapitala galtzen dute; azken batean, “balazta sakatzen” dute; eta, egoera horren ondorioz, lan egiten duten langileek apustu berri eta sendoak egin behar dituzte. Era horretako proiektuetan behar handia egoten da barne berrantolaketari dagokionez, jabetzak hartu izan baitu lidergoa eta funtzio zehatzak bete baititu, eta horrek rol horien ordezkapena planifikatzeko beharra sortzen du, horren ondoriozko antolamendu aldaketekin.

  • Dagoeneko finkatuta dagoen enpresa batek zer laguntza eta aholkularitza aurki ditzake ASLEn?

Lehen esan bezala, ASLEren lehen funtzioa eta, agian, enpresa elkartuentzako gutxien ikusten dena, horien ordezkaritza da. Funtzio horri esker, eredua indartzeko araudiak alda daitezke, hainbat erakundetara eraman daitezke haien beharrak eta espektatibak, eta haien aldeko neurriak arautu daitezke, haien posizioa hobetzeko. Funtzio horren bitartez, azken bi krisietan (COVID-19 eta Ukrainako Gerra) Lan Sozietateentzako arau zehatzak argitaratzea lortu da, beren lehiakortasuna sendotzeko. Lan horren beste adibide bat Gipuzkoako eta Arabako zerga araudian txandaketa egoeran dauden enpresak langileei transmititzeko pizgarriak bultzatzea izan da, bai eskualdatzaileei bai eskuratzaileei zerga arloan laguntza eskainiz. Lan horrek iraunkortasuna eta tinkotasuna eskatzen ditu, eta, hain zuzen ere, ASLEk eta ASLE buru duen Laborpar Espainiako Lan Sozietateen eta Partaidetuen Elkarteak egiten du lan hori.

Funtzio horretatik harago, ASLEn saiatzen gara enpresen arteko elkarreragin handiagoa lortzen, interkooperazio programen, prestakuntzaren eta webinar-en bidez; gaur egun, “Konektatu” programa dugu martxan, eta, hain zuzen ere, enpresen arteko sinergiak identifikatzea du programa horrek helburu, hainbat konexio-dinamikaren bidez.

Aholkularitza juridiko eta ekonomiko-finantzarioko zerbitzuak ere ematen ditugu, laguntzei eta dirulaguntzei buruzko informazioa barne. Zerbitzu hori izan da, historikoki, enpresa elkartuek gehien baloratu dutena, eta horregatik saiatzen gara etengabe indartzen.

Ohiko informazio gutunez gain, Newsletter bat dugu martxan, enpresa elkartuen ikusgarritasuna hobetzeko, eta, gainera, aldizkari bat ere argitaratzen dugu hiru hilean behin: GATZA.

Bestalde, enpresei laguntzen diegu kontularitzaren, zergen eta lanaren arloetan sortzen zaizkien betebeharretan.

Baina, azken urteotan, enpresen lehiakortasuna hobetzeko zerbitzuetan ari gara berrikuntzarik handienak egiten, eta enpresen kudeaketari lotutako alderdietan laguntzen saiatzen ari gara, batez ere kudeaketa elementuak ezartzeko orduan. Arlo horretan espezializatuta gaude kudeaketa aurreratuaren ereduan, pertsonen kudeaketari lotutako alderdietan eta, gero eta gehiago, marketin digitalaren eta digitalizazioaren esparruan.

Hala ere, egiten dugun guztia ikuspegi komun honetatik abiatzen da: enpresetan partaidetza sustatzea, eta, hain zuzen ere, premisa horren gainean oinarritzen da ASLEren estrategia guztia: enpresei laguntzea partaidetza sustatzeko prozesuetan, bai kudeaketan, bai emaitzetan, bai kapitalean, gure ustez era horretara izango baita enpresa parte-hartzaile eta partaidetu bat kohesionatuagoa, erantzunkideagoa eta Euskadin sustraituagoa.

  • Zer erronka proposatzen dira aurrera begira?

Gure erronka nagusia hazkundea da, bai enpresen dimentsioari dagokionez, bai kopuruari dagokionez. Horretarako, lege aldaketak bultzatzeko gai izan behar dugu, figura juridikoari erakargarritasun handiagoa emateko eta horretara jotzeko oztopoak arintzeko. Eta, hortik abiatuta, ikusgarritasuna eta ezagutza indartzea, potentzial handiko figura juridikoa baita, baina ezezaguna.

Badakigu eraldatzen ari den mundu baten aurrean gaudela, eta horrek erronka asko dakarzkio gure eredu juridikoari. Horregatik, ASLEren laugarren biltzarra egingo dugu 2022an, egoera diagnostikatzeko, hainbat agertoki planteatzeko eta Lan Sozietatea eta Partaidetua etorkizuneko bidean jarriko dituzten ebazpen proposamenak lehenesteko. Kongresu horretan finkatu beharko da zer erronka izango diren lehentasunezkoak etorkizunean.

Zorionak eman nahi dizkiogu ASLEri gure Zuzendaritza Batzordeko eta Bizkaiko Lurralde Batzordeko kide izateagatik, eta, bereziki, haren ordezkari Jone Nolteri, 3. presidenteorde izendatu dutelako. Urrats berri bat izan da berdintasunerako bidean, lortu baitugu gure Zuzendaritza Batzordean emakumeen % 40ko ordezkaritza edukitzea.

Zer esan nahi du izendapen horrek?

Erakundeen babesaz gainera, ASLEk gizarte honetan betetzen duen funtzioaren aitorpen esplizitua ere bada.

Mutualiak gauza asko ditu komunean ASLE erakundearekin eta Lan Sozietateekin, hasi bere funtzio sozialaren prebalentziatik eta egituratze lanetaraino. Gainera, kudeaketa sistema eredugarria du, alderdi askotan ASLEk berak ere partekatzen duena.

Ziur nago ikasteko eta osagarritasuna lantzeko aukera ugari aurkituko ditugula etapa berri honetan, win – win binomioa indartzeko.

Zer nabarmenduko zenuke ASLE eta Mutualiaren arteko harremanean?

Harreman historikoa da, errespetuan, elkarrekiko aitorpenean eta ikaskuntza partekatuan oinarritua eta, batez ere, kudeaketa aurreratuko ereduaren aldeko apustu komunari lotua. Horri esker, bi erakundeak erreferente izan gara gure sektoreetan, eta baita kudeaketaren eredu ere beste erakunde askorentzat.

ENERGIA-AURREZTE ETA -EFIZIENTZIAKO NEURRIAK, 14/2022 ELDaren ARABERA

Abuztuaren 10ean (asteazkena) jarri zen indarrean 14/2022 Errege Lege-dekretua. Haren 29. artikuluan energia-kontsumoa murrizteko neurriak daude. 6 neurri ezarri dira:

  1. Mugak tenperatura-atalaseetan. Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduaren (EITE) 3.8.1 ITaren 2. atalean adierazitako esparru habitagarri egokituetan:
  • Administratiboa. Administrazio publikoak barne.
  • Merkataritza: dendak, supermerkatuak, saltoki handiak, merkataritza-guneak eta antzekoak.
  • Pertsonen bilguneak: Kultur arlokoak, ikuskizun publikoetarako eta olgetako jardueretarako establezimenduak, jatetxeak, eta geltoki eta aireportuak.
    Honako hau bete beharko da:
    a) Airearen tenperatura, berogailuz berotutako esparruetan, ez da izango 19 ºC-tik gorakoa.
    b) Airearen tenperatura, hoztutako esparruetan, ez da izango 27 ºC-tik beherakoa.
    c) Aipatutako tenperatura horiek % 30 eta % 70 bitarteko hezetasun erlatiboari dagozkio.

Adierazitako tenperatura-muga horiek, hala badagokio, lantokietako segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ematen dituen apirilaren 15eko 486/1997 Errege Dekretuan aurreikusitakoa betetzeko doituko dira. Horrek esan nahi du airearen tenperatura, lan arinak egiten diren lokaletako esparru hoztuetan, ez dela izango 25 ºC-tik beherakoa.

  1. Aurrezte-neurrien aplikazioari buruzko informazioa eman beharko da, kartelen edo pantailen bidez.
  2. Kalerako aterabidea duten eraikin eta lokaletan itxiera automatikodun ateak edukiko dira.
  3. Erakusleihoen eta eraikin publikoen argiteria 22:00etan itzaliko da.
  4. Eraginkortasun energetikoari buruzko ikuskapenak aurreratzea, IT 4.2.1 eta IT 4.2.2an aipatutako instalazioetan.
  5. Artikulu honetan aurreikusitako betebeharrei EITEaren IX. Kapituluan ezarritakoa aplikatuko zaie.
    Neurrien aplikazioaz informatzeko beharra betetzeko, Mutualiak kartel hauek jarri ditu elkartutako enpresen eta autonomoen esku.

AUTONOMOEN KOTIZAZIO-SISTEMA BERRIA ETA LANGILE AUTONOMOEN JARDUERA ETETEAGATIKO BABESAREN HOBEKUNTZA, 13/2022 ERREGE LEGE-DEKRETUA, 2022KO UZTAILAREN 26KOA

nueva cuota de autonomos (convert.io)

Langile autonomoentzako kotizazio-sistema berri bat ezartzen duen Errege Lege-dekretua, errendimendu garbietan oinarritua. Testu hau aldizka ebaluatuko da, elkarrizketa sozialaren esparruan, hiru urtean behin. 

Erreforma hau 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da indarrean, eta hurrengo hiru urteetan hamabost tarteko sistema bat garatuko da pixkanaka, kotizazio-oinarriak eta kuotak zehazteko autonomoaren errendimendu garbien arabera. 2026tik 2031ra bitartean, diru-sarrera errealen araberako kotizazio-sistema berria aplikatuko da. Horren arabera, diru-sarreren tarteen eta kotizazio-oinarrien eskala gehienez ere sei urtean hedatuko da, eta 2032an behin betiko oinarriekin egongo da ezarrita, lortutako eta dagokion zerga-administrazioak hurrengo ekitalditik aurrera jakinarazitako urteko etekinen arabera.

Dekretu honetan, errendimendu garbien kontzeptua definitzen da, funtsezkoa baita sistema berrirako. Etekin garbiak kalkulatzeko, jarduera egitean sortutako eta autonomoaren diru-sarrerak lortzeko beharrezkoak diren gastu guztiak kenduko dira diru-sarreretatik. Zenbateko horri % 7ko kenkaria aplikatuko zaio (% 3 sozietate-autonomoen kasuan) gastu generikoengatik. Emaitza etekin garbiak izango dira, eta zenbateko horrekin zehaztuko dira kotizazio-oinarria eta dagokion kuota. 

Ekitaldi fiskalaren amaieran, eta urteko etekin garbiak jakin ondoren, kotizazioak erregularizatuko dira, eta kuotak itzuli edo eskatu egingo dira, baldin eta behin betiko etekin garbien tartea aurreikuspenen arabera urtean adierazitakoa baino txikiagoa edo handiagoa bada. 

Gizarte Segurantzako hileko kuotak, 2023an, hilean 230 eurotik 500 eurora bitartekoak izango dira, eta, 2025ean, berriz, hilean 200 eurotik 590 eurora bitartekoak, betiere etekin garbien arabera. 

Diru-sarrera txikienak dituzten autonomoek % 30etik gorako murrizketa izango dute kuotan, egungoaren aldean. LGSren azpiko errendimenduak dituzten langile autonomoek —gazte eta emakume ugarik— hilean 200 eta 260 euro arteko kuotak ordainduko dituzte 2025ean. Urte horretan, batez besteko errendimenduko tarteek 290 eta 294 euro arteko kuotak izango dituzte hilean, eta hilean 6.000 euro baino gehiago irabazten dutenek, berriz, 590 eurokoak. 

Sistema horri esker, autonomoek kuota aldatu ahal izango dute diru-sarrera garbien aurreikuspenaren arabera (jarduera garatzeko kostuak kenduta), urtean sei aldiz gehienez. 

Era berean, onartutako testuak 80 euroko kuota hobariduna ezartzen du autonomo berrientzat, hamabi hilabetez, zeina hamabi hilabete gehiagoz luzatu ahal izango den, diru-sarrera garbiak txikiak badira. 

Jarduera eteagatiko babesa hobetzea

Jarduera eteteko modalitateak zabaldu egiten dira, kontingentzia desberdinen estaldura hobetzeko, hala nola jardueraren etete partziala soilik gertatzen denean, eta krisi zikliko edo sektorialak direnerako lan-erreforman ezarritako RED mekanismoak soldatapekoei ematen dien babesa autonomoei egokituko zaie. 

 Babes-eskema 

babes eskema
klikatu irudian ikusteko

13/2022 ERREGE LEGE-DEKRETUA, 2022KO UZTAILAREN 26KOA