Errehabilitazio-zerbitzu berria Basauriko zentroan

Mutualiak zerbitzuak hobetu ditu Basauriko asistentzia-zentroan, errehabilitazio-gune berri bat gehitu baitu, inguru horretan bizi diren edo lan egiten duten pertsonek erabiltzeko.

Gune berria urriaren 2an inauguratu zen, eta, instalazio bikainak izateaz gainera, tratamendu berritzaileak ditu.

Santiago Vidorreta Mutualiako Errehabilitazio-arduradunaren hitzetan, “Mutualiaren zerbitzuak lesionatutako pertsonei hurbilarazteko dugun politikarekin jarraitzen dugu, eta orain, hain zuzen ere, Nerbioi Garaia eskualdean emango du zerbitzua. Bestalde, errehabilitazio-zerbitzuak laguntza emateko gure espezialitateko baliabide tekniko guztiak ditu, hipertermia sakona (Tecar) eta elektroterapia analgesikoa zein eskuzko zinesiterapia eta termoelektroterapia barne”. 

Zuretzako babesik onena, ez al dago zeure baitan?

Segurtasunez pentsatu eta jokatu.

«Pertsonek segurtasunez jokatu ahal izatea eta horrela jokatzen jakitea ez da nahikoa benetan hori egin dezaten. Horrez gain, segurtasunez jokatzeko borondatea izan behar dute, segurtasunez jokatzeko arrazoiak izan behar dituzte edo, gutxienez, segurtasunik gabe jokatzeko baino arrazoi gehiago». Jokabide Segururako Hiru Baldintzen Teoria (Meliá, 2007).

Carlos Frías Pérez  Babestu burua.  

Ekografia Muskuloeskeletikoari buruzko Nazioarteko IX. Ikastaroa

Urriaren 4an, 5an eta 6an, Ekografia Muskuloeskeletikoari buruzko Nazioarteko IX. Ikastaroa egingo da Donostia-San Sebastiánen.

Edizio honetan, osasun-arloko 150 profesional baino gehiago elkartzeko topagunea izango da ikastaroa. Parte-hartzaileak alor hauetako adituak izango dira: laneko medikuntza, kiroleko medikuntza, traumatologia, erradiologia, lehen mailako arreta, eta lesio muskuloeskeletikoei, artikularrei eta tendinosoei loturiko beste espezialitate batzuk.

www.ecografiamusculoesqueleticass.com

Zenbat eta gorago igo segurtasunik gabe, orduan eta gogorragoa izango da erorikoa.

Antonio Jesús Pérez  Segurtasuna ez du hirugarren dimentsio bat.

Gizarte Segurantzaren Nazioarteko Elkarteak (GSNE), 19 herrialdetako 337 enpresa aztertuta ondorioztatu duenez, laneko arriskuak prebenitzeko inbertitutako euro bakoitzagatik 2,2 €-ko etekina lortzen da, hau da, bikoitza baino handiagoa. Goldman Sachsen 2007ko beste txosten baten arabera, lanean segurtasuna eta higienea ondo kudeatzen ez dituzten enpresek ondo kudeatzen dituztenek baino emaitza finantzario kaskarragoak dituzte.

Eskutik Batzordea abiaraztea

Eskutik Batzordea abiarazi dugu Mutualian; hots, EUDek eta gizarte-laguntzaileek osatzen duten diziplina anitzeko taldea. Babesten ditugun langileei ematen diegun arreta hobetzea du helburu, eta erantzun koordinatua ematen die lan-istripu edo gaixotasun profesional larria pairatu duten pertsonen osasun-beharrei, baina baita gizarte-beharrei ere, harik eta guztiz osatzen diren arte edo, bestela, tratamendua amaitzen duten arte eta ondorioen behin betiko balorazioa egiten dieten arte.

Hauek dira taldearen lan nagusiak:

– Banakako eta/edo familiako arazoak antzematea, eta izandako istripuaren ondoriozko etorkizuneko arrisku-egoerak prebenitzea (esaterako: etxeko laguntza behar izatea edo aldi baterako etxebizitza irisgarri batean birkokatzea).

– Aldi baterako edo behin betiko ezintasuna duten pazienteen mugikortasunerako laguntza teknikoei eta eguneroko bizitzako jarduerei buruzko berariazko beharrak baloratzea.

– Istripua izan duten eta beren probintziatik kanpo ospitaleratuta dauden langileei dagokienez: Kasua aztertzea, hauetarako aukerarik onena emateko:

  • Laguntzeko eta familia berrelkartzeko.
  • Langileak beren familia-ingurunera bueltatzeko.

– Hasieran aitortutako ezgaitasun-maila larritu delako (erabateko ezintasunetik ezintasun absolutura edo ezintasun absoluturik baliaezintasun handira) aldatu diren kasuak sei hilez behin berrikustea, behar berriak baloratzeko.

Kasuak aztertu eta paziente eta familia bakoitzak behar dituen beharrak zehaztu ondoren, horiek konpontzen dira gizarte-laguntzako prestazioei aurre egiteko Mutualiak dituen baliabide ekonomikoen bitartez; 2017ko ekitaldian, 900.000 euroko aurrekontua onartu du Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak.

Batzordeak aztertzeko modukoa den kasuren bat ezagutzen baduzu zure erakundean, bidal iezaguzu mezu bat GrupoEskutik@mutualia.es helbidera, eta ahal bezain azkar jarriko gara zurekin harremanetan.

Gogoan izan, halaber, Mutualiak bere bazkideei eskaintzen dizkien gizarte-prestazioen katalogoa kontsulta dezakezula gure webgunean.

Laneko arriskuen prebentzioa (LAP) integratzeko, coachingean erabiltzen diren baliabide asko behar dira.

Eduardo Lázaro Enpresa Zientzietako doktore, psikologo-coach eta LAPeko goi-mailako teknikaria elkarrizketatu dugu. Datorren urriaren 3an «Laneko arriskuen prebentzioa lidergoaren bidez integratzea» jardunaldian parte hartuko du.

Errealitate aldakor eta diziplina anitzeko batean bizi gara. Globalizazioak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek lidergo-estiloa errealitate berri horretara egokitzera behartzen gaituzte. Coachingari esker, etengabeko aldaketa eta «krisia» aukera-iturritzat hartuta, norbere gaitasunetan, norbere buruaren ezagutzan, norbere emozioen kudeaketan eta kontzientzia areagotzean oinarritutako lidergo-estilo bat ezartzeko ezagutzak eta tresnak eskuratzen ditugu. Enpresaren munduan, prestakuntzarako eta motibatzeko elementu gisa erabili izan da maiz. Beraz, LAParen ingurunera egokitzea naturala izan da.

Zer da coachinga?

Ez dago coachingaren definizio bakar bat. Hainbat egilek, nagusiki, coaching-prozesu batean garrantzitsuentzat jotzen dituzten alderdietan oinarrituz definitu dute.

Nik neuk uste dut coachinga psikologia ulertzeko eta pertsonetan eta taldeetan aplikatzeko modu bat dela. Jokabidea aldatzeko estrategia bat da edo, beste hitz batzuetan esanda, norbere buruaren ezagutza, ikaskuntza eta ekintza eskatzen dituen aldaketa-prozesu bat. Gainera, onartutzat jotzen da pertsona bakoitzak bere bizitza ezagutzen duela eta bere buruaren aldaketa berak kudeatu dezakeela ondoen. Coachak prozesua bideratzen du.

Lidergo-estilo baten modura ere bideratu daiteke. Kasu horretan, lider-coachak, komunikatzeko gaitasunen bitartez, bere laguntzaileei norbere buruaren ezagutzan sakontzen, helburu batzuk finkatzen eta errealitatea eta dauzkaten aukerak aztertzen laguntzen die, ekintza-plan bat egin eta emaitzak hobetzeko.

Coachingak LAPa integratzen lagundu dezake? Zer helburu eta onura ditu?

Jakina! Hain zuzen ere, LAPa integratzeko, coachingean erabiltzen diren baliabide asko behar dira; adibidez: norbere buruaren ezagutza, komunikazio ona, helburuak finkatzea, enpatia eta ikaskuntza. Laneko Segurtasun, Osasun eta Ongizate Institutu Nazionalak coachinga erabiltzea gomendatzen du bere jardunaldietan eta ohar teknikoetan.

Helburu orokorra enpresako maila guztietan prebentzio-kultura sortzea litzateke, betiere norberak benetan horretan sinetsita, eta onura nagusia, berriz, LAPean gehiago inplikatzea; izan ere, coachingak, jarrera- eta jokabide-ohituren aldaketaren bidez, hobekuntza iraunkorra dakar. Laneko arriskuak saihesteari eta gutxitzeari dagokienez, coachinga emaitza hobeak lortzeko erabil dezakegu, hobekuntza horrek berme metodologiko guztiak dituela.

Nola aplika dezakegu coachinga LAPean? Zer pauso eman beharko genituzke?

Ebaluazio- eta prestakuntza-prozesu indibidual eta taldekoetan aplika dezakegu. Zuzendaritzako kideen, erdi-mailako arduradunen eta prebentzioko teknikarien lidergoaren bidez ere aplika dezakegu.

Edozein proiektutan ematen diren pausoak eman behar dira, baina helburuetatik hastea eta gero errealitatea aztertzea komeni da, geure buruari mugarik ez jartzeko. Gero, ekintza-plan baten bidez esku hartu, eta emaitzak ebaluatu. Hori guztia prozesu zirkular positibo batean egin behar da. Hala, barne-komunikazioan eta pertsonen artekoan aldaketak egiten ditugu; arrakasta izateko aukerak optimizatzeko, adimen emozionala erabiltzen dugu, eta ebaluazio zabalagoa egiten dugu, 360 º-ko ikuspegi batekin.

Prebentzioko teknikariak segurtasun- eta osasun-arloan lidergoa izateko prestatuta daude?

Kasu askotan, bai. Baina ez preseski beren prestakuntza teknikoagatik. Nire ustez, lidergoaren arloko prestakuntza lantzeko dagoen gai bat da oraindik, bai enpresetako erdi-mailako arduradunei dagokienez, bai prebentzioko teknikariei dagokienez.

Coachinga moda iragankor bat da edo etorkizunak gero eta beharrezkoagoa egiten du? 

Coachinga emaitza onak ematen ari den metodologia bat da. Psikologia zientifikoaren printzipioetan eta neurozientzia kognitiboan oinarritzen da. Modak iragan egiten dira, eta geratzen den horrek ekartzen ditu emaitzak. Nire ustez, ikerketa zientifikoak coachingaren tresnak hobetu ahala, coachinga etorkizunean gero beharrezkoagoa izango da.

Enpresan Interneten erabilera kontrolatzeko neurriak

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Handiak, 2017ko irailaren 5ean epaia eman, eta 2016ko urtarrilaren 12ko epaia (61496/08 kasua, Barbulescu) ezeztatu zuen; alegia, diziplina-prozeduraren testuinguruan, enplegatzaileek langileak miatzea bidezkoa izan zela zioen epaia ezeztatuz.

Azken epaian, GEA-Giza Eskubideen Auzitegiaren iritzian, Errumaniako agintariek ez zuten babestu auzi-jartzaileak duen eskubidea haren bizitza pribatua eta korrespondentzia errespetatuak izan daitezen. Eskubide horiek Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren (GBEH) 8. artikuluan agertzen dira, «bizitza pribatuaren eta familia-bizitzaren errespeturako eskubidea» izenekoan.

Auzi-jartzaileak, bere garaian Errumaniako salmenta-konpainia baten arduradun izandakoa, enpresaren eskariz, Yahoo Messenger kontu bat sortu zuen, bezeroen eskaerei erantzuteko. 2007ko uztailaren 13an, enplegatzaileak jakinarazi zion kontuaren jardueren kontrola egin zuela eta egiaztatu zuela xede partikularretarako erabili zuela; eta hori konpainiaren barne-erregulazioan debekatuta zegoenez, lanetik bota zuen.

Enpresaren barneko jokabide-kodeak, besteak beste, honako hau xedatzen zuen: «Erabat debekatuta dago enpresaren instalazioen barruan ordena eta diziplina haustea, eta bereziki debekatuta dago ordenagailuak, fotokopiagailuak, telefonoak, telexa eta faxa xede pertsonaletarako erabiltzea».

Auzi-jartzaileak alegatu zuen bere posta elektronikoaren miaketarekin bere korrespondentzia sekretua izateko duen eskubidea bortxatu zuela.

Errumaniako auzitegiek bidezkotzat jo zuten kaleratzea, esanez langilearen intimitatea ez zela bortxatu, enpresaren barne-araudiaren berri eman zitzaiolako eta posta elektronikoa miatzea zelako araudi hori errespetatu zen edo ez jakiteko modu bakarra. Estrasburgoko Auzitegiaren iritzia ere horixe bera izan zen 2016an emandako lehen epaian, baina apelazio-errekurtsoan, ordea, Giza Eskubideen Auzitegiak aurreko erabakia baliogabetu du.

GEAk eman berri duen 2017ko epaiak xedatzen du enplegatzaile batek langileen korrespondentziaren jarraipen-neurriak hartzen baditu neurri horiek arrazoizkoak izan behar dutela eta abusuaren kontrako bermeekin aplikatu behar direla. Agintari nazionalek aplikatu behar dituzten irizpideak zehaztu ditu Auzitegiak, kontrol-neurria lortu nahi den helburuarekiko proportzionala izan dadin eta langilea arbitrariotasunaren aurka babestuta dagoela bermatzeko.

Laburbilduz, hauek dira neurri horiek:

• Korrespondentziaren eta beste komunikazio batzuen jarraipena egiteko aukerari eta hartutako neurriei buruz jakinarazi dela egiaztatzea. Jakinarazpena miaketaren aurretik egin behar da, eta arrazoia ondo argitu behar da.

• Enplegatzaileak egindako ikuskatzearen irismena eta intimitatean sartzearen maila frogatzea. Horretarako, komunikazio-fluxuaren eta komunikazioen edukiaren artean desberdindu behar da: komunikazio guztietan edo bakarrik batzuetan eragina duen, komunikazioetara sartzeko denbora mugatua den, eta emaitzak ikusteko aukera izan zuten pertsonen kopurua.

• Enpresariak komunikazioa kontrolatzeko eta edukian sartzeko arrazoi legitimoak aurkeztea. Edukiaren jarraipena egitea oso inbaditzailea denez, justifikazio handiagoa behar da.

• Helburua lortzeko, komunikazioen edukietan zuzenean sartzea bezain intrusiboa ez den bestelako kontrol-sistemarik bazegoen egiaztatzea.

• Enplegatzaileak jarraipenaren emaitzak nola erabiltzen dituen eta miaketak langileari eragin dizkion ondorioak neurtzea.

• Langileak berme egokiak izan dituela egiaztatzea, bereziki enplegatzaileak egiten duen miaketa intrusiboa bada. Babes horiek enpresaburua komunikazioen edukira ez sartzea bermatu behar dute, baldin eta aurretik ez badio langileari gertaera horren berri eman.

Laburbilduz, erakundeek beren langileen barne-postak eta sare sozialak mia ditzakete enpresak emandako gailuetan erabiltzen badituzte, baina kontuan izan behar dira hainbat alderdi zehatz. Langileak aurretik jakin behar du enpresako ekipamendua kontrolatu dezaketela. Kontrolak proportzionala eta beharrezkoa izan behar du eta ahalik eta gutxien inbaditu behar du, enpresaren intereserako eskubidearen eta langilearen pribatutasunaren arteko oreka ebaluatuz.

Espainian, Konstituzioaren 18. artikuluak intimitate pertsonalerako eta familia-intimitaterako eskubidea bermatzen du, baita komunikazio-sekreturako babesa ere. Jurisprudentziak Estrasburgoko Auzitegiaren antzeko bidea jarraitu du. Auzitegi Goreneko epai batzuen proposamenaren arabera, miaketa egin ahal izango da, baldin eta aurretik horren berri ematen bada. Ondoren, Auzitegiaren jurisprudentziak xedatu du aurretik abisatzea ez dela beharrezkoa baldin eta hitzarmen kolektiboan zehazten bada gailu informatiko horiek enpresaren jabetza direla.

Epai horren ondoren, Espainiak bere jurisprudentzia zehaztuko du.

Ondorioz, langileak kontrolatzeko edozein neurrik lortu nahi den helburuarekiko proportzionala izan beharko du, eta langilearen babesa ziurtatu beharko du arbitrariotasunaren aurka.

 

Susana Castaños del Molino  Mutualiako Aholkularitza Juridikoko arduraduna

Mutualiak bat egin du cv anonimoa diseinatzeko, ezartzeko eta baloratzeko proiektuan

Joan den uztailaren 20an, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren areto nagusian, Madrilen,Curriculum Vitae Anonimoa diseinatzeko, ezartzeko eta baloratzeko proiektuan BAT EGITEKO ekitaldia egin zen.

MUTUALIA enpresa sinatzaile gisa joan zen protokolo sinatua eta diploma entregatzeko ekitaldira. Zerbitzu eta Berdintasuneko Estatu Idazkari Mario Garcés Sanagustín izan zen ekitaldiko buru.

Horrekin, Emakumearen eta Aukera Berdintasunaren Institutuaklana eskuratzeko hautaketa-prozesu despertsonalizatuak edo curriculum vitae anonimoa edo itsua ezartzeko proiektua bultzatzen du. Horretarako, interesa duten erakundeen, gizarte-solaskideen edo enpresen eta Gizarte Zerbitzu eta Berdintasunaren Estatu Idazkaritzaren artean protokolo bat sinatzea proposatu du. Helburua da langileak hautatzeko prozesuetan eta kontratazio-prozesuetan aldez aurreko alboratzeak eragoztea, desberdintasun-egoerak sor baititzakete.