BERDINTASUNA LANEAN 

mujer trabajando en el puerto

Berdintasun Legeak berdintasun-planak funtsezko tresnatzat hartzen ditu emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna enpresetan txertatzeko, eta zenbait enpresa plan horiek egitera eta ezartzera behartu ere egiten ditu. Zehazki, 250 langile baino gehiago dituzten enpresak, hitzarmen kolektibo propiorik ez dutenak, baina hitzarmen sektorialak horretara behartzen dituenak. Halaber, Lan Ikuskaritzak zehatutako enpresak behartuta daude plan horiek ezartzera, Berdintasun Legearen arabera. 

Berdintasun-planetan laneko arriskuen prebentzioa txertatzea: justizia- eta efikazia-kontua. Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionalaren txosten teknikoa – 2025 

Laneko arriskuen prebentzioa berdintasun-planetan integratzea 

Laneko arriskuen prebentzioa (LAP) eta genero-berdintasuna historikoki paraleloan joan dira erakundeen barruan. Nolanahi ere, duela gutxiko legediak nahitaez bateratzeko bide eman du. 901/2020 Errege Dekretuak, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituenak, berariaz ezartzen du genero-ikuspegia duen prebentzioa txertatzeko betebeharra plan horien diagnostikoan eta neurrietan. Integrazio hori ez da betekizun formal hutsa: funtsezko aurrerapena da lan-ingurune bidezkoagoak, seguruagoak eta osasungarriagoak lortzeko. 

Laneko arriskuen prebentzioa berdintasun-planetan integratzea 2025 azterlanak enpresak arau-eskakizun hori nola aplikatzen ari diren aztertzen du. Horretarako, REGCONen erregistratutako 60 berdintasun-plan berrikusi ziren, eta lan-osasuna genero-ikuspegitik zenbateraino txertatu den ebaluatu zen. Emaitzek argi-itzalak dituzte: planen % 67k lan-osasuna diagnostikoan sartzen badituzte ere, eta % 77k negoziatutako gaietan lantzen badituzte ere, soilik % 26k garatzen dituzte haurdunalditik, edoskitzetik edo jazarpenetik harago doazen neurri zehatzak. 

Horrek nabarmentzen du, legezko aitorpena gorabehera, laneko arriskuen prebentzioa partzialki tratatzen dela oraindik ere plan gehienetan. Emakume haurduna babestea soilik ardatz duten ikuspegiek irauten dute, egiturazko beste desberdinkeria batzuei heldu gabe, hala nola segregazio okupazionalari, presentzia bikoitzari, kontziliazio erantzukideari edo genero-roletatik eratorritako arrisku psikosozialei. 

LAPean genero-ikuspegia txertatzeak berarekin dakar lan-baldintzak, antolaketa eta arriskuen ebaluazioa birpentsatzea, emakumeen eta gizonen arteko benetako desberdintasunak kontuan hartuta. Hau da, faktore biologikoak, sozialak eta kulturalak kontuan hartzen dituzten prebentzio-neurriak diseinatzea dakar, eta laneko osasunari eta segurtasunari bereizita nola eragiten dioten aztertzea. 

Horrela bakarrik bete ahal izango da Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrerako 3/2007 Lege Organikoaren mamia: ekitatea eta laneko segurtasuna ez izatea bi arlo bereizi, enpresa-politika arduratsu bakarraren bi alde baizik. 

Jaiotzagatiko eta adingabea zaintzeagatiko prestazioa beste gurasoaren heriotza eta hartzeko aldia luzatzea

fallecimiento del otro progenitor e incremento del período de percepción

Uztailaren 29ko 9/2025 Errege Lege Dekretuaren bidez sartutako erreformaren ondoren, Langileen Estatutuaren 48. artikuluaren 4. eta 5. apartatuetan ezarri zen, jaiotzagatiko eta adingabea zaintzeagatiko baimena baliatzen den bitartean gurasoetako bat hiltzen bada, beste gurasoak hildakoari geratzen zitzaion atsedenaldia hartzeko aukera izango zuela. Kasu horretan, ez dira kontuan hartu guraso bakarreko familiak (hogeita hamabi asteko baimena dute), baizik eta jaiotza-unean bi guraso izanda horietako bat bakoitzari zegokion hemeretzi asteko baimena baliatzen ari zen bitartean gurasoetako bat hiltzen den kasuak. 

Zalantza sortu zen, bizirik zegoen gurasoari baliatze-aldiaren luzapen hori aplikatzeko, beharrezkoa ote zen hildakoak baimena hartzeko eskubidea izatea, eta, gainera, Gizarte Segurantzako araubideren batean (araubide orokorra, araubide berezia, enplegatu publikoa, etab.) jardunean eta altan egotea eska ote zitekeen. 

Hasiera batean, luzapen horrek ez luke eraginik izango erditu eta hurrengo sei asteko nahitaezko atsedenaldian, ezta heriotza aldi horretan gertatuta ere, bi gurasoek aldi berean hartzen baitute atsedenaldia.  

Beraz, zalantza borondatezko gainerako hamahiru atseden-asteei buruzkoa zen, baita heriotzagatik gurasoetako batek atsedenaldia ezin hartu izateari buruzkoa ere. GSINeko Antolamendu eta Laguntza Juridikoko Zuzendariordetza Nagusiak argitu du zalantza, 2026ko otsailaren 19ko 7/2026 Kudeaketa Irizpidean; izan ere, bidezkoa da hildakoak hartu ezin izan duen borondatezko atsedenaldiak bizirik dagoen gurasoaren baimena luzatzea, baita hildakoak prestazioa jasotzeko baldintzak betetzen ez bazituen ere. Irizpide horren abiapuntua da ez dela erabakigarria familia-egoeraren jatorria, baizik eta adingabeak guraso bakarra duenean gertatzen den guraso-zainketen gabezia objektiboa. Hala ere, behar bezala argitzen du irizpide hori aplikatzeko gertaera eragilearen ondorengo hemeretzi asteen barruan gertatu beharko litzatekeela heriotza beti, hau da, jaiotzatik aurrera, borondatezko atsedenaldiaren asteak ondorengo egunetan ezarri diren ala ez kontuan hartu gabe. 

Iñaki Esnal Zalakain    


Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua     

Mutualiak langileentzako errezeta elektronikoaren zerbitzu pilotua abiarazi du Araban

farmacia

Mutualiak errezeta elektroniko itunduaren zerbitzu pilotua jarri du martxan Araban, Farmazialarien Elkargoen Kontseilu Nagusiarekin batera eta Arabako Sendagaigileen Elkargo Ofiziala laguntzarekin gauzatua.

Proiektu honi esker, Mutualiak babestutako langileek errezeta elektroniko bidez eskuratu ahal izango dituzte beren sendagaiak eta preskribatutako produktuak Arabako farmazietan, eta hobetu egingo da tratamenduen segurtasuna, trazabilitatea eta eskuragarritasuna.

Mutualiaren errezeta elektronikoa farmazietako sistemetan integratuko da Nodofarmaren bidez. Modu horretan, sendagaiak ematea erraztu eta prestazio farmazeutiko arinago eta digitalago bat lortuko da.