Gernikak eta Bergarak 5 Izar lortu dituzte irisgarritasunean

Gure osasun zentro berriek irisgarritasuneko AIS egiaztagiria lortu dute; maila gorena erdietsi dute, gainera: 5 Izar.

Aitorpen hau Irisgarritasun eta Erantzukizun Sozialerako (ASR) Fundazioak ematen du; irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da, eta izaera sozial nabarmena duten proiektuak garatzen ditu.

Irisgarritasunerako Adierazleen Sistema (AIS) Nazioarteko Egiaztatze Sistema bat da, guztiontzako diseinua eta kudeaketa txertatzeko, erabilgarritasun, erosotasun, segurtasun eta dibertsitate parametroei dagokienez. AISk eskakizun arauemaileak eta ez arauemaileak biltzen ditu (nazioarteko, estatuko eta tokiko legeriak, UNE / ISO arauak, aitortutako praktika onak…).

Elkarrizketa: Ana Aiastui Pujana doktorea – Biodonostia

Otsailaren 11n, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da; emakume ikertzaileen lana ikusgarri egin eta balioan jartzeko eta nesken artean bokazio zientifikoa sustatzeko sortu zen egun hori.

Biodonostia Osasun Ikerketarako Institutura joan gara, Osakidetzak Euskadin duen lehen osasun-ikerketarako zentrora; bertako ikertzaileen % 62 emakumezkoak dira. Ana Aiastui Pujana doktorea elkarrizketatu dugu; bera da 3D Inprimaketako Diziplina Anitzeko Plataformaren (3DPP) arduraduna, eta zentroaren jardueraren eta emakumeek ikerketan duten partaidetza sustatzeko dituzten proiektuen berri eman digu.

• Zein da Biodonostiaren jarduera eta zein dira haren jarduera-lerroak?

Biodonostia OIIk nagusiki pazienteak ardatz dituen ikerketa translazionala sustatzen du, eta ardatz nagusia I+G+b da, horrek ematen baitio estaldura Gipuzkoako lurralde historikoan Osakidetzaren esparruan egiten den ikerketa orori. Erakunde anitzeko eta diziplinarteko egitura kolaboratiboarekin, herritarren osasuna hobetu nahi du. Zehazki, bertan garatzen diren ikerketa-lerroak 7 eremu bertikaletan banatuta daude: neurozientziak, gaixotasun hepatikoak eta gastrointestinalak, gaixotasun infekziosoak, onkologia, gaixotasun sistemikoak, epidemiologia eta osasun publikoa eta bioingeniaritza; eta, gainera, 3 zeharkako eremu daude: berrikuntza, medikuntza pertsonalizatua eta zahartzea. Guztira, 412 ikertzaile inguru dira, 26 ikerketa-taldetan.

• Zenbat langile ari dira Biodonostian lanean eta zein dira profil nagusiak?

Biodonostia OIIn 412 langile daude, eta horietatik, % 62 emakumezkoak dira; prestakuntzari dagokionez, batez ere Biologia, Biokimika eta Bioteknologia ikasitakoak daude; prestakuntza-mailari dagokionez, gehienak doktoreak dira (% 46), gero lizentziadunak (% 36) eta, azkenik, graduatuak (% 12).

• Nola sustatzen duzue emakumeen partaidetza ikerketa-proiektuetan?

Iaz, 2020an, Biodonostia OIIn Berdintasun Batzordea eratu zen, Biodonostia OIIn segregazio bertikala eta “kristalezko sabaia” desagerrarazteko neurriak txertatzeko.

Batzorde hori zenbait jarduera egiten ari da, emakumezkoen partaidetza sustatzeko ikerketa-proiektuetan; esate baterako, talde buruen irizpideak zehaztu aukera berdinak izan ditzaten; kontziliazio-neurriak jarri, emakumezkoen lidergoa sustatzeko; berariaz emakumezkoei zuzendutako osasuna zaintzeko neurriak jarri…

Horrez gainera, laster, berdintasunaren alorreko prestakuntza emango zaie langile guztiei, eta, iaztik, edoskitze-gune bat daukagu prestatuta Institutuan.

• “Afrika 3Dn” proiektua: zertan datza, nola sortu zen eta zer helbururekin?

Proiektua Biodonostiako Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsuko Batzordetik (RRI) sortu zen. RRIren oinarrian sei printzipio daude: hezkuntza zientifikoa, genero-berdintasuna, sarbide irekia, gobernantza, etika eta herritarren partaidetza. Aldi berean, 3D Inprimaketako Diziplina Anitzeko Plataforma (3DPP) sortu zen, zeina oinarritzen baita 3D inprimatze-teknologian.

RRIren ideia da ikerketa-prozesu guztien eta haien emaitza sozialen arteko lotura sustatzea, pertsonen itxaropenak eta beharrak hobeto betetzeko.

Ideia hori eta 3D teknologia edukita, egokia iruditu zitzaigun proiektu bat planteatzea, afrikar emakume ikertzaile baten egonaldia finantzatzeko, 3Dko inprimaketako ikerketa-proiektu bat garatzeko ospitaleetan.

Gainera, proiektu honek beste helburu espezifiko batzuk ditu:

· Eredu aurre-kirurgikoak sortzea 3Dn, planifikazio kirurgikoa azkartzeko, eta 3Dko piezak sortzea, Afrikako ospitaleetan, osasun zentroetan eta ikerketa-institutuetan lagungarri izan daitezen.

· Afrikar emakumezkoaren lidergoa sustatzea ikerketa zientifikoan, teknologiaren transferentzia bultzatzea, eta haien jatorriko herrialdeetako ikerketa-zentroen asistentzia-gaitasuna sustatzea.

· Sortutako ereduak eta afrikar ikertzaileak lortutako “expertise”a transferitzea jatorrizko lekura, hango profesionalak ere 3Dko inprimatzearen alorrean sar daitezen eta mediku egoiliarrei irakasteko kasu gisa erabil ditzaten.

• Aplikatu al daitezke horrelako ekimenak hainbat erakundetan emakumezkoen lidergoa sustatzeko ikerkuntzan?

Noski. Proiektu honekin, emakumezko zientzialari erreferente bat sortuko dugu, eta horrek balio dezake neskak inspiratzeko, batetik, ez dezaten ikerkuntzaren esparrua alde batera utzi, eta, bestetik, ikerkuntzan zer-nolako proiektu berritzaileak egiten ditugun ikus dezaten.

Pertsonak mobilizatzeko eskuliburua

Osasun eta asistentzia sektoreetanohikoa izaten da pertsonak mobilizatu behar izatea autonomia funtzionalaren falta dela-eta, izan pertsonok lekualdatzekohaien jarrera aldatzekoedo errehabilitazioko ariketaktratamenduak edo higiene-zereginak egiteko. “Pertsonak eskuz mobilizatzea” (PEM) esaten zaio horri, eta hor biltzen dira giza indarra erabilita pertsona bat edo haren pisuaren zati bat altxatujaitsieutsibultzatu edo arrastatzeko zeregin guztiak. 

 Horregatik guztiagatik, Mutualiak bere langile elkartuen esku jarri du Pertsonak mobilizatzeko eskuliburua. Gainera, formatu berritzailearekin aurkeztu da, “Pantonera” formatuan; hartara, modu bisual, azkar eta sinplean, pertsonak manipulatzeko mugimendu eta jarrera zuzenak zein diren ikusi ahal izango duzu, eta, hala, lesio-arriskua murriztuko duzu. 

MUTUALIA ETA DATUEN BABESA

Mutualia, Gizarte Segurantzarekin lankidetza duen mutua denez gero, babestutako besteren kontuko langileen nahiz autonomoen datu pertsonalen tratamendu-arduraduna da, erakundeak legez ezarrita dituen funtzioen kudeaketari dagokionez. Horregatik, Mutualiaren lehentasunen artean dago arlo horretako legedia betetzen dela bermatzea, hala Datuak babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrak (DBLO), nola Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoak (DPBEDBL) ezarritakoa, bai eta arlo horretako irizpideek, gidek eta zerikusia duen jurisprudentziak diotena eta, orobat, aplikatzeko gainerako legeriak ezarritakoa ere.

Horretarako, Mutualian lan egiten dugunok sentsibilizatzeko konpromiso osoa eta irmoa dugu lege-betebehar horiei eta segurtasun-neurriei dagokienez, une oro datu pertsonalen irisgarritasuna, osotasuna, erabilgarritasuna eta konfidentzialtasuna bermatzen baitute.

Mutualian, SEGURTASUN BATZORDEA (comitedeseguridad@mutualia.eus) dugu eratuta; politikei, prozedurei eta kudeaketa-dinamikei buruzko aholkuak emateko nahiz gainbegiratzeko lan egiten du. Gainera, informazioaren segurtasunarekin, datuen babesarekin eta pribatutasunarekin lotutako edozein zalantza, eskaera eta gorabehera izanez gero, Batzordeari jakinarazi dakioke.

Mutualiaren Informazioaren Segurtasuna Kudeatzeko Sistema egiaztatuta dago 2016az geroztik, eta 2020an berritu egin zen, ISO 27001 estandarraren arabera.

KONTSULTA JURIDIKOA 2021KO URTARRILA

KONTSULTA JURIDIKOA

Langile autonomo batek erretiro-pentsioa jaso dezake, konpentsazio-mekanismoaren bidez bere kotizazio-zorpekoak ordainduz gero?

Honako galdera egin digute kontsulta batean: ea bere kotizazioak “egunean” ez dituen langile autonomo batek Langile Autonomoen Araubide Bereziaren (LAAB) erretiro-pentsioa jaso dezakeen, konpentsazio-mekanismoaren bitartez kotizazio-zorpekoak ordainduz gero.

Erantzuna ezezkoa da ezinbestean. Izan ere, nahiz eta epaitegiren batek onartu, Auzitegi Goreneko Arlo Sozialeko Salak ukatu egin du aukera hori, 2020ko abenduaren 9an eman berri duen epaiaren bitartez (2084/2018 DBKE).

Goi-auzitegiaren epaiak baliogabetu egiten du eskatzaileari erretiro-pentsioa onartu zion auzialdiko epaia. Epai hori eskatzaileak LAABi zor zizkion kuotak ordaintzeko gonbidapena bete ez arren eman zen, errentarik jasotzen ez zuela aintzat hartuz eta pentsioaren kontura konpentsazioa eginez ordain zezakeela onartuz.

Entitate Kudeatzailearen helegiteari erantzuteko emandako baieste-epaian, goi-auzitegiak abiapuntutzat hartzen du GSLOren 47. artikuluak ezarritakoaren analisia, Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioen ordainketak “egunean” izan beharraz, eta abuztuaren 20ko 2530/1970 Dekretuak (1970, 1501 eta 1608 LBK), Beren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Gizarte Segurantzako Erregimen Berezia arautzen duenak, bere 28.2 artikuluan aurreikusten duen ordainketa-gonbidapen mekanismoaz. Artikulu horren arabera:

“Era berean, aurreko artikuluko 1. zenbakiko a) eta e) bitarteko ataletan aipatzen diren prestazioak (horien artean erretiroari dagokiona) […] jasotzeko eskubidea izateko, nahitaezko baldintza da Araubide honen aplikazio-eremuaren barruan dauden pertsonek eguneratuta izatea eska dakizkiekeen kuoten ordainketa, dagokion prestazioa sortutzat jotzen den datan. Haatik, prestazioa jasotzeko eskubidea izateko bete behar den gutxieneko kotizazio-aldia beteta, hura eskatu eta Erregimen Berezi honen aplikazio-eremuaren barruan dagoen pertsonak ez baditu eguneratuta eska dakizkiokeen gainerako kuoten ordainketak, dagokion prestazioa sortutzat jotzen den datan, Entitate Kudeatzaileak interesdunari gonbidapena egingo dio zor dituen kuotak ordaintzeko, gonbidapena jaso eta 30 egun naturaleko epe luzaezinean.

Interesdunak gonbidapena aintzat hartu eta zor dituen kuotak ordainduz gero aurreko paragrafoan adierazitako epearen barruan, ordainketa horiek eguneratutzat joko dira, eskatutako prestazioari dagokionez. Zor diren kuotak epe horretatik kanpo ordainduz gero, […] ordainketa egin eta hurrengo hilabeteko lehen egunetik aurrerako ondoreekin emango da prestazioa”.

Beraz, lehenbiziko eta ezinbesteko baldintza da prestazioa jaso ahal izateko gutxieneko kotizazio-aldia ordainduta izatea (kasu honetan ez dago zuzentzeko aukerarik). Aldi hori beterik, nahitaezko baldintza da, halaber, gainerako kotizazioen ordainketa egunean izatea; hala ere, beste kotizazio horiez den bezainbatean, eta premia-egoeran behar bezalako babesa emate aldera, arauak berak onartzen du aukera dagoela zorpekoak kitatzeko, “ordaintzeko gonbidapena”ren derrigorrezko mekanismoaren bitartez hain zuzen.

Auzitegi Gorenak 2016ko ekainaren 29ko epaian (2700/2014 DBKE) dioen legez:

“… argi dago preskribatu gabeko kuotak ordaintzeko gonbidapena ez dela bidezkoa aldez aurretik gutxieneko gabealdia egiaztatu ez bada, eta egitate sorrarazlea gertatu ondoren ordaintzeak ez duela inolako birtualtasunik; edo, bestela esanda, egitate sorrarazlearen aurretik kitaturiko kuoten bidez eskuratzen da prestazioa, baina kotizazioak egunean izateko eskari osagarriak onartzen du zuzenketa egitea, ordaintzeko “gonbidapena” gerora egiteko derrigorrezko mekanismoaren bidez.

Interesdunak aintzat hartzen badu ordaintzeko gonbidapena, eta zor dituen kuotak kitatzen baditu emandako epea beteta, kuota horiek eguneratutzat joko dira prestazioaz den bezainbatean.

Interesdunak ez badio ordaintzeko gonbidapenari erantzun, aukera du zorrak geroratzea eskatzeko, garaiz eta forma egokian: lortutako geroratzea egitate sorrarazlearen aurrekoa bada, eguneratutzat joko dira haren kotizazioak, eta betetzat joko da prestazioa jaso ahal izateko egunean egoteko baldintza (hala ere, prestazioa eten liteke onuradunak ez balitu beteko geroratzearen baldintzak eta eskakizunak); lortutako geroratzea egitate sorrarazlearen ostekoa bada, zorpekoa ez da kitatzen, eta hortaz, langileak ez du betetzen egunean egoteko baldintza eta ezin du prestazioa jaso (aurrez ordaintzeko gonbidapena aintzat hartu eta bere kotizazioen zorpekoak ordaintzen ez duen arte).

Egindako kontsultaren kasuan, goi-auzitegiak ebatzitako adibidean bezala, eskatzaileak ez du betetzen kotizazioak “egunean” izateko lege-baldintza, eta baldintza hori gabe, ezin du jaso eskatzen duen LAABen pentsioa.

Azken batean, ezin da prestazioa aitortu “kotizazioetan zorpekoa” edukiz gero, proposatutako planteamenduan gertatzen den bezala.

Cristina Cearra.

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko legelaria.

AUTONOMO BATEK DESKONTA DITZAKE NOIZBEHINKA EGINDAKO TELELANAREN ONDORIOZKO GASTUAK?

Autonomoek ezin izango dute telelanaren ondoriozko hornidura-gasturik deskontatu, hala nola argindarra eta internet, telelanean aritzearen zergatia noizbehinkako egora bat bada; pandemia, esaterako.

Hala ebatzi du Zergen Zuzendaritza Nagusiak (V3461-20 Kontsulta Loteslea, 2020ko azaroaren 30ekoa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergen Zuzendariordetza Nagusiak emana).
Kontsultaren egilea autonomo gisa jarduera ekonomikoa duen langile bat da, ohiko bizitokitik kanpoko bulego batean aritu ohi dena. Jardueraren etekin garbia zuzeneko balioespen-metodoaren bidez kalkulatzen da.

COVID-19ak sortutako egoera dela-eta, ez da egunero joaten bulegora. Horren ordez, bere etxean egiten du lan, eta, hortaz, eremu profesionalaren barruan erabiltzen ditu zenbait hornidura (argindarra, Internet, etab.). Ondorioz, horien gastua handiagoa da ohikoa baino, eta horregatik galdetu du langileak ea hornidura horietatik eratorritako gastuak deskontatzeko aukera duen.

Zergen Zuzendaritza Nagusiak erantzuna eman dio kontsultari, eta gogora ekarri du zer dioen, bere 30.2.5.b) artikuluan, azaroaren 28ko 35/2006 Legeak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, Sozietateen gaineko zergak partzialki aldatzekoak, Ez-egoiliarren gaineko Errentari buruzkoak eta Ondareari buruzkoak (azaroaren 29ko BOE). Honakoa ezartzen du arau horrek:

“5. Etekin garbia zuzeneko balioespenaren bidez kalkulatzean, hauek joko dira gastu kengarritzat:
(…). Zergadunaren ohiko bizitokia jarduera ekonomikoari partzialki lotuta dagoen kasuetan, bizitoki horri dagozkion hornidura-gastuak, hala nola urarena, gasarena, argindarrarena, telefoniarena eta Internetena. Zenbatekoa ezartzeko, jarduerarako baliatzen diren bizitokiaren metro koadroen eta haren azalera osoaren arteko proportzioari ehuneko 30eko portzentajea aplikatuko zaio, portzentaje horrek handiagoa edo txikiagoa izan behar duela frogatzen den kasuetan izan ezik”.

Hortaz, Zergen Zuzendaritza Nagusiak ondorioztatzen du, araudi horren arabera, zergadunaren ohiko bizitokiko zenbait hornidura jarduera ekonomikoari atxikitako gastu kengarritzat hartu ahal izateko beharrezkoa dela ohiko bizitokia jarduera horri lotuta egotea partzialki.

Ez da halakorik gertatzen azaldutako kasuan. Izan ere, bizitokia ez dago jarduerari partzialki lotuta, eta jarduerarako erabiltzearen arrazoia noizbehinkako eta salbuespenezko egoera bat da. Ondorioz, ezin izango dira deskontatu kontsultan aipatutako hornidura-gastuak (ura, argindarra, Internet…).

Bizitokia jarduera ekonomiko edo profesionalari partzialki lotuta egoteak baizik ez du aukera ematen erabilitako horniduren gastua dagokion proportzioan deskontatzeko.

Cristina Cearra.


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

MUTUALEX EPAIA 2021EKO urtarrila

SENTENCIA
epai judiziala

Izatezko bikotekidearen alarguntasun-pentsioa jasotzeko eskubidea, genero-indarkeriagatiko bizikidetza eten ondoren. Auzitegi Nagusiaren Epaia, 2020/10/14

Auzitegi Nagusiaren arabera, genero-ikuspegiarekin egindako interpretazioak 1994ko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 174.3 artikulua interpretatzera garamatza (egungo 2015eko GSLOren 221. artikulua); izan ere, gainerako baldintza guztiak betetzen baditu, genero-indarkeria zela-eta jada kausatzailearekin elkartuta ez zegoen eta bizi ez zen emakumeak izatezko bikotekideen alarguntasun-pentsioa jasotzeko eskubidea du kausatzaile hori hil ondoren.

Auzitegi Nagusiak, 2020ko urriaren 14ko epaian, ezetsi egin zuen Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2018ko martxoaren 26ko epaiaren aurka jarritako doktrina bateratzeko errekurtsoa. Errekurtso horrek arrazoia eman zion emakume bati, eta alarguntasun-pentsioa kobratzeko eskubidea aitortu zion, izatezko bikotekidea izan zuena 2012an zirkulazio-istripuan hil zen egunetik aurrera, harekin elkarbizi ez zen arren 2000. urteaz geroztik genero-indarkeriaren ondorioz. Biek seme bat izan zuten 1996an, eta zurztasun-pentsioa aitortuta du.

Auzitegi Nagusia bat dator errekurritutako epaian baieztatzen denarekin, hau da, genero-indarkeriaren biktima diren izatezko bikotekideen alarguntasun-pentsioa eskatzen duenari ezin zaiola eskatu “alarguntasun-pentsioa jasotzeko eskubidea izateko, bizikidetza mantendu beharra, nahiz eta tratu txarrak jasan, legegileak lortu nahi zuen helburua beti izan denean, eta batez ere 1/2004 Lege Organikotik aurrera, genero-indarkeriako egoera guztien aurka jardutea, bai ezkontzan, bai antzeko afektibitate-harremana dutenen artean.”

Alarguntza-pentsioari dagokionez, banantze- eta dibortzio-kasuetan genero-indarkeriaren aurreikuspena (1994ko GSLOren 174.2 artikulua eta 2015eko GSLOren egungo 220.1 eta 2 artikuluak) 2010erako Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 26/2009 Legearen hirugarren azken xedapeneko hamargarren atalaren bidez egin zen, genero-indarkeriaren biktima ziren emakumeak banantzeko edo dibortziatzeko unean konpentsazio-pentsioaren hartzekodun izateko betekizunetik salbuesteko. Hori dela eta, auzitegiak kontuan hartu behar du aurreikuspen hori analogikoki aplikatu behar zaiola izatezko bikotekideen alarguntasun-pentsioari (1994ko GSLOren 174.3 artikulua eta 2015eko GSLOren egungo 221. artikulua).

Horrela arrazoitzen du: “Lehenik eta behin, genero-indarkeriaren konkurrentziak zenbait baldintza betetzetik salbuetsi behar du, izan ere, indarkeria hori dagoenean baldintzok zentzurik ez izateaz gain (gure kasuan, heriotzaren unean bizikidetza eskatzea, nahiz eta bizikidetza emakumearen aurka erabilitako indarkeriaren ondorioz eten behar izan den), indarkeria-egoera horietan bizikidetza hori eskatzea guztiz bateraezina da tratu txarren biktima den emakumearen babesarekin. … Eta, bigarrenik, eta, batez ere, genero-indarkeriaren biktima diren emakume banandu eta dibortziatuek alarguntza-pentsioa jaso badezakete, gauza bera gertatu behar da izatezko elkarteak osatzen dituzten eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeekin”.

Epaiak, azkenik, oso faktore garrantzitsu bat nabarmentzen du, egiten duen azterketan kontuan hartu beharrekoa eta egiten duen genero-ikuspegidun interpretazioa ondorioztatzen duena, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun eragingarrirako

martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak; zehazki, 4. artikuluak (“berdintasun-printzipioa txertatzea arauak interpretatu eta aplikatzean”) honako hau ezartzen du: “Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna ordenamendu juridikoaren printzipio informatzailea da, eta, beraz, arauen interpretazioan eta aplikazioan integratu eta beteko da”. Gainera, 3/2007 Lege Organikoaren 15. artikuluak honako hau xedatzen du: “Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioak botere publiko guztien jardunaren berri emango du, zeharka. (…)”. Auzitegi Nagusiaren Osoko Bilkuraren 2009ko abenduaren 21eko 4. epaitik aurrera (201/2009 dbke), Sala honek genero-ikuspegia interpretatzeko irizpide hori aplikatu du Auzitegi Nagusiaren 864/2018 epaian, 2018ko irailaren 26koan (1352/2017 dbke); 2019ko azaroaren 13ko 778/2019 epaian (75/2018 errek.); 2019ko abenduaren 3ko 815/2019 epaian (Osoko Bilkuraren 141/2018 errek.); 2020ko urtarrilaren 29ko 79/2020 epaian (3097/2017 dbke, Osoko Bilkura); 2020ko otsailaren 6ko 115/2020 epaian (3801/2017 dbke) eta 2020ko uztailaren 2ko 580/2020 epaian (201/2018 dbke). Eta gauza bera egin behar da kasu honetan.”

Susana Castaños.

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua