Mutualex epaia 2026ko Ekaina

sentencia

396/2026 EPAIA, AUZITEGI GORENARENA, GIZARTE-ARLOKO SALARENA, 2026KO APIRILAREN 16KOA (4041/2024 ERREK.) 

Aztertzen ari garen epaiak ebazten duen arazo juridikoa gaixotasun arrunt baten ondoriozko ezintasun iraunkor absolutuaren ondorio ekonomikoen data zehaztean datza. Ezintasuna epai judizial bidez aitortu zitzaion langile autonomoari, ezintasunak balioesteko taldearen bigarren txosten batean oinarrituta —prestazioa ukatu egin zitzaion aurreko txosten batean—. 

Kasu zehatz honetan, egitateen abiapuntua da langile autonomo mekanikari batek egindako ezintasun iraunkor absolutuaren eskaera. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren 2021eko abenduaren 27ko ebazpenaren bidez prestazioa ukatu zitzaion, ezintasunak balioesteko taldeak 2021eko abenduaren 22an emandako txosten batean oinarrituta. Txosten horretan ondorioztatzen zenez, langileak une horretan zituen lesioak ez ziren lortu nahi zen ezintasun absolutuaren mailara iristeko bezain larriak. 

Langileak demanda jarri zuen, eta, ezintasunak balioesteko taldearen lehen txostena eta ebazpen judiziala eman bitartean, beste azterketa bat egin zitzaion langileari. Hala bada, ezintasunak balioesteko taldeak bigarren txostena prestatu zuen, 2022ko azaroaren 28an. Langilearen egoera nabarmen larriagotu zela zioen.  

Bigarren txosten horretan ondorioztatu zen langileak une horretan mugak zituela zutik eta kukubilko egin behar diren jarduerak egiteko, bai eta Parkinsonen gaixotasunaren hastapenekin bateragarriak ziren ezaugarri klinikoak zituela ere. Horrek guztiak justifikatu egiten zuen langileak eskuratu nahi zuen ezintasun iraunkorreko maila jakin hori. 

2022ko azaroaren 30ean, langileak baja hartu zuen Langile Autonomoen Araubide Berezian, eta abenduaren 1etik erretiroagatiko pentsiodun-egoerara igaro zen. 2024ko martxoaren 21ean, berriz, Santanderreko Gizarte-arloko 4 zenbakiko Epaitegiak epaia eman eta gaixotasun arruntaren ondoriozko ezintasun iraunkor absolutuko egoeran deklaratu zuen langilea, 2022ko azaroaren 30etik aurrerako ondorio ekonomikoekin, eta ez ezintasunak balioesteko taldeak 2021eko abenduaren 22an emandako lehen txostenetik aurrera —langileak hala nahi zuen—, langileak orduan zituen mugek ez zutelako justifikatzen ezintasun absolutuaren maila. Hori dela eta, epaileak erabaki zuen ondorio ekonomikoak ezintasunak balioesteko taldearen bigarren txostenarekin finkatu behar zirela, bertan ezarri baitziren ezintasun absolutuaren maila zekarten mugak. 

Langileak errekurtsoa jarri zuen. Justizia Auzitegi Nagusiak errekurtsoa onartu eta prestazioaren ondorio ekonomikoak 2021eko abenduaren 22ra atzeratu zituen (ezintasunak balioesteko taldearen lehen txostenaren data). Orain, kasazio-errekurtsoa jarrita, Auzitegi Gorenak arrazoia ematen dio Santanderreko Gizarte-arloko Epaitegiari. 

Zehazki, eztabaida ezintasun iraunkorreko pentsio baten ondorio ekonomikoen data zehaztean zetzan, lesioek ez zekartenean ezintasun iraunkorra prestazioaren aurreko aldi baterako ezintasunaren iraungitze-datan, ezta ezintasunak balioesteko taldearen proposamen-irizpenaren datan ere; aitzitik, lesioak behin betiko eta lanerako eragozletzat hartu ziren, hain zuzen ere, administrazio-ebazpen ezeslea eman eta epaiketa egin arteko aldi horretan bertan. 

Beraz, egitate eragilearen eta ondorio ekonomikoen data zehaztean ardazten zen eztabaida, edo aldi baterako ezintasunaren iraungitze-data, edo ezintasunak balioesteko taldearen proposamen-txostenaren data —1996ko urtarrilaren 18ko Aginduaren 13.2 artikuluaren arabera, egitate eragilea aldi baterako ezintasunaren iraungitzearekin edo ezintasunak balioesteko taldearen proposamen-irizpenarekin lotzen da—, edo, bestela, ezintasun iraunkorra zegoela egiaztatu zen data —Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 193.1 artikuluaren arabera, une horretan egiaztatzen dira ezintasun iraunkor absolutua justifikatzen duten murrizketa anatomiko edo funtzional larriak—. 

Auzitegiak aukera horietako azkenaren alde egiten du, eta ondorio horretara iristeko, zehazten du arau-hierarkia aplikatu behar dela horrelako kasuetan. Horrek esan nahi du, lehenik eta behin, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 193.1 artikulua aplikatu behar dela, manu horrek ezintasun iraunkorraren funtsezko definizioa jasotzen duen neurrian, eta, hortaz, prozeduraren alderdi instrumentalak arautzen dituzten erregelamendu-mailako arauen gainetik egon behar duela.  

Orduan, auzitegiak ondorioztatzen duenez, planteatutakoaren gisako kasuetan, hau da, ebazpena ematen den unean lana egitea eragozten duten mugak egiaztatuta ez egoteagatik ezintasun iraunkorra ukatzen duen administrazio-ebazpena eman eta, geroago, muga horiek daudela egiaztatuta, ebazpena zalantzan jartzen denean, ondorio ekonomikoen data egiaztapen hori egiten den data dela ulertu behar dugu, data hori egitate eragilearena ere badelako. Hala ere, auzitegiak azpimarratzen du egiaztapen-data ez dela ahozko epaiketa egiten den unea, baizik eta egoera berria onartzen duen epaiak ezintasun iraunkorra eragiten duten mugak egiaztatutzat jotzen dituen data. 

Laburbilduz, Auzitegi Gorenaren 396/2026 Epaiak honako irizpide hau ezartzen du: hasierako administrazio-ebazpenean egiaztatu ez diren mugak gerora agertu direlako edo mugok larriagotu egin direlako ezintasun iraunkorra judizialki aitortzen denean, ondorio ekonomikoak mugok ezintasunaren eragile gisa objektibatzen diren datakoak izan behar dira, ez nahitaez ezintasunak balioesteko taldeak proposatutako lehen irizpenaren egunekoak.  

Epaiak indartu egiten du prestazioa jasotzeko eskubidearen eta eskubide hori justifikatzen duen errealitate mediko ezgaitzailearen arteko lotura, eta konponbideak teknikoki zuzena dirudi. Dena den, erabakiak oreka delikatua ere planteatzen du. Izan ere, Gizarte Segurantzako prozesuetan, atzerapen judizialak kalte egin diezaioke onuradunari, bereziki prozedura ebazkizun denean gertatzen bada larriagotzea. Hori dela eta, Auzitegi Gorenaren doktrina arrazoizkoa da, baldin eta organo judizialek zehaztasunez identifikatzen badute ezintasuna eragiten duten mugen egiaztapen-data, eta ez badute modu arbitrarioan edo beranduegi ezartzen. 

Andrea Fernández Pérez 


Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua  

Mutualex-Kontsulta juridikoa 2026ko Ekaina

consulta

EZINBESTEKO FAMILIA-ARRAZOIENGATIKO BAIMENA. Jar al dezake enpresak baimena ordaintzea hitzarmen kolektiboan edo enpresa-akordioan hala aurreikusita egotearen baldintzapean? 

Langileen Estatutuaren 37.9 artikuluak «ezinbesteko familia-arrazoiengatiko baimena» arautzen du. Kontsulta hau planteatzen da baimen horri buruz: 

Legez ordaindu behar da baimena edo egin diezaioke uko enpresak hura ordaintzeari, hitzarmen kolektiboan edo enpresa-akordioan berariaz jasotzen ez bada? 

Erantzuna Auzitegi Gorenak eman digu duela gutxi, 2026ko apirilaren 17an (111/2024 errekurtso-zenbakia) emandako epai batean. Epaiaren arabera, Langileen Estatutuaren 37.9 artikuluko ezinbesteko familia-arrazoiengatiko baimena lege-mandatuz ordaintzen da, honela: urtean lau egunen baliokidea den ordu kopurua gehienez, eta ez da beharrezkoa izango hitzarmenik edo itun kolektiborik izatea ordainketa-eskubidea sortzeko. 

Abiapuntua Langileen Estatutuaren 37.9 artikulua da. Izan ere, manuak onartzen du langileak eskubidea duela ezinbesteko arrazoiengatik lanetik irteteko, baldin eta beharrezkoa bada ahaideekin edo bizikideekin zerikusia duten premiazko familia-arrazoiengatik, berehala bertaratzea eskatzen duen gaixotasun edo istripuaren kasuan.  

Artikuluaren arabera, «apartatu honetan aurreikusitako arrazoiengatik hartzen dituzten absentzia-orduei dagokien soldata (urtean lau egunen baliokidea) jasotzeko eskubidea izango dute langileek, hitzarmen kolektiboan ezarritakoaren arabera edo, halakorik ezean, enpresaren eta langileen legezko ordezkarien arteko akordioaren arabera. Horretarako, langileek absentziaren arrazoia egiaztatu beharko dute»

Auzitegi Gorenaren ustez, Langileen Estatutuaren 37.9 artikuluak baieztapen «kategorikoa eta irmoa» jasotzen du, eta ezin da interpretatu ordainsaria behin-behinekoa denik edo ituna egotearen mende dagoenik. Auzitegiaren iritziz, manua argia da, eta dio baimena nahitaez ordaindu behar dela 4 eguneko denbora-muga horretara arte. Manuaren interpretazio gramatikalari erreparatuz gero, hitzon berezko zentzuaren arabera, baimena ordaindu egin behar dela ulertu besterik ezin da egin. «Hitzarmen kolektiboan ezarritakoaren arabera edo, halakorik ezean, enpresaren eta langileen legezko ordezkarien arteko akordioaren arabera» dioen zatia ez da baimena ordaintzeko baldintza.  

Auzitegi Gorenaren arabera, arauak egiten duen igorpen horrekin, negoziazio kolektiboak edo enpresa-akordioak baimena zehazteko alderdiak erregula ditzakete. Hala ere, ez du uzten legezko eskubidea husten, ezta eskubide horren existentzia itun baten mende jartzen ere. Auzitegiaren hitzetan, adierazpen hori mendeko klausula gisa ulertu behar da, eta, bete beharreko zuzenbidearen hasierako premisa horren pean, akordio kolektiboek ordainsari horren moduari, erari, edukiari eta irismenari buruzko beste alderdi batzuk zehazteko aukera zabalik uzteko bidea da. 

Epaiak onartzen du Langileen Estatutuaren 37.9 artikulua hobeto idatzita egon daitekeela, baita «nahasgarria» izan daitekeela ere, eta aldi berean dio Kode Zibilaren 3.1 artikuluaren interpretazio-irizpideetara jo behar dela. Horren arabera, arauak hitzen berezko zentzuaren arabera interpretatuko dira, aplikatu behar diren uneko testuinguruari, aurrekariei eta errealitate sozialari dagokienez, batez ere haien mamiari eta xedeari erreparatuta. 

Lege-manuaren idazkera akastuna dela-eta bi interpretazio desberdin egin daitezke, eta ikuspegi teleologiko horretatik, Auzitegi Gorenak erabakigarritzat jotzen du 5/2023 Errege Lege-dekretuaren zioen azalpena —hain zuzen ere, Langileen Estatutuaren 37.9 artikulua txertatu zuen gurasoen eta zaintzaileen familiako eta laneko bizitza bateragarri egiteari buruzko (EB) 2019/1158 Zuzentarauaren transposizioa egiteko—. 

Zioen azalpen horrek espresuki dio urtean lau egun aurreikusten zirela ordaindutzat, ezertan eragotzi gabe hitzarmen kolektiboek horri buruz ezar zezaketena. Auzitegi Gorenaren arabera, «ezertan eragotzi gabe hitzarmen kolektiboek horri buruz ezar zezaketena» adierazpena da gakoa. Ez du esan nahi hitzarmenak eskubidea aitortu behar duenik eskubidea bera existitzeko, baizik eta hitzarmenak garatu, zehaztu edo hobetu dezakeela.  

Hala, auzitegiak adierazi duenez, zuzentarauak baimenaren izaera ordaindua ezartzen ez badu ere, horrek ez du eragozten Espainiako legegileak baimenaren edukia hobetu ahal izatea zuzentarauaren transposizioa egitean. Ondorioztatzen du Espainiako legegileak, Langileen Estatutuaren 37.9 artikulua idaztean, legez urtean gutxienez lau egun ordaintzeko betebeharra ezartzea zuela asmo, negoziazio kolektiboaren balizko esku-hartzetik salbu uzteko. 

Gure auzitegiaren ustez, ordainduriko izaeraren aldeko interpretazioa indartu egiten da, gainera, arauaren helburuarengatik; alegia, kontziliazioa erraztea, familia-zaintzaz arduratzen direnek kalte profesionalak ez izatea eta erantzukidetasuna sustatzea. Hori dela eta, baimena ez balitz ordainduko dagokion itunak hala jaso ez duelako, baimena egikaritzeko pizgarria kendu, eta arauaren helburua zapuztuko litzateke. 

Kontsultaren erantzuna argia da: enpresak ezin dio uko egin baimena ordaintzeari, argudiatuta hitzarmen kolektiboak ez duela hura ordaintzea arautzen edo ez dagoela akordiorik langileen legezko ordezkariekin. Langileen Estatutuaren 37.9 artikuluan jasotako ezinbesteko arrazoien premisak betetzen eta egiaztatzen badira, langileak lanetik irteteko eta urtean gehienez lau egunen baliokideak diren absentzia-orduen ordainketa jasotzeko eskubidea izango du. 

 

Andrea Fernández Pérez 


Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua 

Beroa, klima-aldaketa eta laneko arriskuen prebentzioa 

babestu udaz

Espainiak eta Portugalek indarrak batu dituzte klima-aldaketaren aurka, LSOINek, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak eta Portugalgo Autoridade para as Condições do Trabalho erakundeak sustatutako kanpaina iberiko baten bidez. Ekimena 2027ko ekainera arte luzatuko da, eta helburu du dagoeneko milioika pertsonaren lan-baldintzetan eragiten ari diren arriskuen aurrean sentsibilizatzea, informatzea eta prebentzio-neurriak sustatzea. 

Datuek arazoaren tamaina erakusten dute: OMEren eta LANEren arabera, urtero ia 19.000 langile hiltzen dira beroarekin zerikusia duten arrazoiengatik, eta 22 milioi baino gehiagok lesioak jasaten dituzte tenperatura altuen eraginpean egoteagatik. 

Kanpainak klimarekin lotutako hiru lan-arrisku handiri heltzen die: 

  • Estres termikoa eta muturreko beroa. 
  • Bektoreek transmititutako gaixotasunak, hala nola eltxoek eta akainek. 
  • Eguzki-erradiazio ultramorea. 

Aire zabalean lan egiten duten sektoreak dira esposizio handiena dutenak, hala nola nekazaritza, eraikuntza, garraioa eta logistika. Kanpainak webgune bat eskaintzen du, prebentzio-fitxekin eta sentsibilizazio-materialekin. 

Enpresen prebentzio-betebeharrak 

Maiatzaren 11ko 4/2023 Errege Lege Dekretuak, apirilaren 14ko 486/97 Errege Dekretua aldatzen duenak, ezartzen ditu aire zabaleko lanetarako gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak.  

Eraikuntza, nekazaritza, abeltzaintza, ostalaritza, lorezaintza, garbiketa, hondakinen bilketa eta antzeko sektoreetako enpresek meteorologia-fenomeno kaltegarriekiko esposizioa sartu behar dute arriskuen ebaluazioan. Gainera, prebentzio-neurri egokiak ezarri behar dituzte, eta langileak neurriok behar bezala aplikatzearen inguruan sentsibilizatu. 

Aire zabalean lan egiten duten pertsonentzako arriskuak 

Aire zabalean ordu asko egoten diren pertsonak eguzki-erradiazioaren eraginpean egoten dira lanaldiaren zati handi batean. Udan, tenperatura altuek eta gehiegizko beroak eragin nabarmena izan dezakete langile horien osasunean. 

Gorputzak berora egokitzeko mekanismoak ditu. Nolanahi ere, tenperatura oso altua denean eta denboran mantentzen denean, bero-kolpe bat izan daiteke, berehalako arreta eskatzen duen egoera larria. 

Alerta-sintomak 

Bero-kolpearekin lotutako sintoma nagusiak dira, besteak beste, gorputzaren tenperatura igotzea, buruko mina, zorabioak, gorakoak, arranpak eta takikardiak. Egoerak okerrera egiten badu, akidura, nahasmena, konbultsioak eta konortea galtzea ere jasan daitezke. 

Langileek arrisku horien berri izan behar dute, eta enpresak haien eskura jarritako prebentzio-neurriak aplikatu. 

Bero-kolpea saihesteko gomendio nagusiak 

  • Eguzkitan luzaro ez egotea. 
  • UV erradiazioaren indizea kontsultatzea: baxua, neurrizkoa, altua, oso altua edo muturrekoa. 
  • Ura etengabe edatea, baita egarririk ez bada ere. 
  • Beroa eta lepoa babestea txanoarekin edo beste elementu egoki batzuekin, UV babesa duten eguzkitako betaurrekoak erabiltzea eta arropa argi, zabal eta gorputzaren zati handiena estaltzen duenarekin janztea. 
  • Eguzkiaren eragin handiena jasotzen duten eremuetan eguzkitako krema ematea. Eguzkiaren eraginpean egoteagatiko arriskua dagoenean, krema norbera babesteko ekipamendutzat hartu daiteke. Gainera, lainotutako egunetan ere erabili behar da. 
  • Ez erretzea, otordu oparorik ez egitea eta edari alkoholdunak ez edatea. 
  • Ariketa fisikorik ez egitea bero handiena egiten duen orduetan, bereziki 12:00etatik 17:00etara. 

Meteorologia-fenomeno kaltegarrien aurreko neurriak 

Aurreikusi beharreko prebentzio-neurrien artean daude zenbait zeregin egiteko debekua, bai eta aurreikusitako lanorduak murriztea edo aldatzea ere, maila laranja edo gorriko meteorologia-fenomeno kaltegarriak daudenean. 

Alerta horiek Estatuko Meteorologia Agentziak (AEMET)  eman ditzake, edo, hala badagokio, dagokion organo autonomikoak (EUSKALMET  Euskadin, METEOGALICIA Galizian edo METEOCAT Katalunian). 

Neurriok aplikatu behar dira langilea behar bezala babestea beste moduren batean bermatu ezin denean. 

Mutualiaren laguntza-materialak 

Mutualiak enpresen eskura jarri ditu beroaren aurrean prebentzioa errazteko eta jarduteko informazio-materialak. Besteak beste, infografia bat dago, Zer egin pertsona batek bero-kolpe bat jasaten badu, sintomak ezagutzera eta prebentzio-neurri egokiak aplikatzera bideratua. 

Halaber, Enpresarako informazioaematen da, arlo horretako betebeharrei eta gomendioei buruz. 

Informazio gehiago 

Informazio gehiago 

  • LSOIN 

2026, Mutualiako Arreta-Zentroen udako ordutegia

Horario Centros Asistenciales de Mutualia, Verano 2025

Mutualiako arreta-zentroen ordutegia aldatu egingo da udan.

Gure klinikek 24 orduko zerbitzua mantentzen dute: Ercilla eta Pakea 24 orduko zerbitzua eta Gasteizko Erabakimen Handiko Ospitaleak 08:00etatik 20:00etara. Abuztuak 4an 08:Oretatik 15:30etara. Ordutegiz kanpo eta jaiegunetan larrialdietako arreta zerbitzua eskainiko da San Jose Ospitalean. 

Mutualia Araba laguntza-zentroen 2026 udako ordutegia

  • HAR Vitoria-Gasteiz: 8: 00etatik 20: 00etara mantenduko da astelehenetik ostiralera. Ordutegitik kanpo: San Jose Ospitalea. *Abuztuak 4, 6 eta 7an 8:00-15:30. Abuztuak 5 ITXITA
  • LAUDIO: Ekainaren 15etik irailaren 15era
    Ordutegia: 8:00 – 15:30 astelehenetik ostiralera

Mutualia Bizkaia laguntza-zentroen 2026 udako ordutegia

  • ERCILLA KLINIKA: 24 ordu 
  • BASAURI, ERANDIO, GERNIKA, IURRETA eta SANTURTZI: Ekainaren 15etik irailaren 15era
    Ordutegia: 8:00 – 15:30 astelehenetik ostiralera
  • ZAMUDIO: Ekainaren 16etik irailaren 12ra. *ITXITA: Uztaila 6tik 30era.
    Ordutegia: 8:00 – 15:30 astelehenetik ostiralera

Mutualia Gipuzkoa laguntza-zentroen 2026 udako ordutegia

  • PAKEA KLINIKA: 24 ordu
  • AZKOITIAITXITA
  • BEASAIN, BERGARA, EIBAR, IRÚN:  Ekainaren 15etik irailaren 15era
    Ordutegia: 8:00 – 15:30 astelehenetik ostiralera.

Gizarte Segurantzak nahitaezko jakinarazpen elektronikoak zabalduko ditu 2026ko irailaren 1etik aurrera  

notificaciones ss

Administrazioarekiko harremanen digitalizazioak beste aurrerapauso bat eman du. Joan den ekainaren 1ean argitaratu zen BOEn maiatzaren 27ko ISM/541/2026 Agindua, Gizarte Segurantzaren eremuko jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen erregulazioa aldatzen duena. 

Araua 2026ko irailaren 1ean sartuko da indarrean, eta jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez soilik jasotzera behartuta dauden pertsona fisikoen kolektiboak zabalduko ditu. 

Zer aldatuko da? 

Berrikuntza nagusia  Gizarte Segurantzaren prestazioen onuradun eta eskatzaile berriak Administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dauden pertsonen taldean sartzea da. 

Irailetik aurrera, jakinarazpenak bide elektronikoz jaso beharko dituzte: 

  • Aldi baterako ezintasunagatiko (ABE) prestazioen eskatzaile edo onuradunek. 
  • Ezintasun iraunkorreko prozeduretan (EI) interesa duten pertsonak. 
  • Ezintasunik eragiten ez duten lesio iraunkorrengatiko prestazioen eskatzaileak edo hartzaileak. 

Orain arte, komunikazio horietako asko posta arruntez egin zitezkeen. Erregulazio berriarekin, bide elektronikoa ohiko eta nahitaezko kanal bihurtzen da. 

Neurriaren helburua 

Gizarte Segurantzaren asmoa espedienteen kudeaketa arintzea eta hartzaileari iristen ez zaizkion edo berandu iristen zaizkion posta bidezko jakinarazpenen ondoriozko gorabeherak murriztea da. 

Erreformak garrantzi berezia du aldi baterako ezintasuneko eta ezintasun iraunkorreko prozeduretan, non ebazpen jakin batzuek, hala nola alta medikoek edo prestazioak azkentzeak, berehalako ondorio ekonomikoak sortzen baitituzte. 

Jakinarazpen elektronikoari esker, Administrazioak azkarrago eta eraginkortasun handiagoz komunikatu ahal izango ditu ebazpen horiek, eta administrazio-egoera zehaztasun handiagoz egokitu ahal izango du langilearen errealitate klinikora. 

Ba al dago salbuespenik? 

Bai. Kolektibo jakin batzuk jakinarazpen elektronikoak jasotzera behartuta egon arren, Administrazioak elektronikoak ez diren bitartekoak erabili ahal izango dituen kasu batzuk mantenduko ditu arauak: 

Aurrez aurre agertzea 

Interesduna bere borondatez Gizarte Segurantzaren bulego batera joaten denean eta jakinarazpena une horretan jasotzea eskatzen duenean. 

Zuzenean entregatzeko beharra 

Administrazio-egintzaren eraginkortasunak enplegatu publiko baten esku-hartze pertsonala eskatzen duenean. 

Presazko arrazoiak 

Bitarteko elektronikoak erabiltzea bateraezina denean administrazioaren azkartasun-printzipioarekin. 

Harremanetarako daturik ez izatea 

Erakunde kudeatzaileak jakinarazpen elektronikoari lotutako abisuak bidaltzeko behar diren datuak ez baditu, salbuespen gisa posta bidezko jakinarazpena erabili ahal izango du. Kasu horretan, interesdunari etorkizuneko komunikazioetarako helbide elektroniko bat edo telefono mugikor zenbaki bat ematea eskatuko zaio. 

Garrantzitsua: jakinarazpenak ondorioak izan ditzake, kontsultatzen ez bada ere 

Aldaketa horren alderdi garrantzitsuenetako bat pertsonek beren espedienteen jarraipenean duten erantzukizuna areagotzen duela da. 

Jakinarazpen elektronikoa ez kontsultatzeak ez du eragozten jakinarazpen horrek ondorio juridikoak izatea legez ezarritako epeak igaro ondoren. Horregatik, funtsezkoa izango da eskuragarri dauden jakinarazpenak aldizka berrikustea eta harremanetarako datuak eguneratuta edukitzea. 

Zer egin behar dute kaltetuek irailaren 1a baino lehen? 

Betebehar hori indarrean sartu aurretik, zenbait egiaztapen egitea komeni da: 

  • Identifikazio elektronikorako baliozko bitarteko bat dutela egiaztatzea (Cl@ve, ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa). 
  • Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikorako sarbideak behar bezala funtzionatzen duela egiaztatzea. 
  • Administrazioari emandako posta elektronikoa eta telefono mugikorraren zenbakia berrikustea eta, hala badagokio, eguneratzea. 
  • Jakinarazpen elektronikoen sistemarekin ohitzea, etorkizunean gorabeherak saihesteko. 

Eragina enpresentzat eta aholkularitzentzat 

Jakinarazpenak jasotzeko betebeharra interesdunari badagokio ere, aldaketa horrek eragin praktikoa izango du enpresetan, giza baliabideen sailetan, lan-harremanetako gradudunetan eta bulego profesionaletan. 

Aldi baterako ezintasuneko eta ezintasun iraunkorreko prozesuak kudeatzeko, komunikazio elektronikoen jarraipen handiagoa egin beharko da, atzerapenak, epe-galerak edo jada jakinarazitako ebazpen bat ez ezagutzearen ondoriozko egoerak saihesteko. 

Horregatik, komeni da langileei eta bezeroei arau-aldaketa horren berri behar besteko aurrerapenaz ematea. 

Beste aurrerapauso bat Gizarte Segurantzaren digitalizazioan 

Gizarte Segurantzarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dauden kolektiboen kopurua handitzea administrazio publikoak modernizatzeko eta digitalizatzeko estrategiaren barruan sartzen da. 

Neurri horren bidez, prestazioak azkarrago, modu eraginkorragoan eta seguruagoan kudeatu nahi dira, posta arruntarekiko mendekotasuna murriztuz eta administrazio-ebazpenek ondorioak azkarrago izatea erraztuz. 

2026ko irailaren 1ean indarrean sartzea aurreikusita dagoenez, enpresek, profesionalek eta prestazioen onuradunek datozen hilabeteak izango dituzte nahitaezko komunikazio elektronikoaren egoera berri horretara egokitzeko. 

https://www.boe.es/eli/es/o/2026/05/27/ism541/dof/spa/pdf

Prebentzioaren kultura, gakoa Aernnova Aerospaceko laneko segurtasun eta osasuneko bikaintasunean

aernnova-eus

Aernnova enpresa talde liderra da aeroegitura aurreratuak eta horien osagaiak diseinatzen, fabrikatzen eta mantentzen, abiazio komertzialerako, exekutiborako, helikopteroetarako eta aire-mugikortasuneko modu berrietarako. Aernnovaren egoitza Gasteizen dago, eta 5.900 profesional baino gehiago ditu, 6 herrialdetan eta 20 kokapenetan banatuta. Enpresan, berrikuntzaren, talentuaren garapenaren eta ingurune kolaboratibo eta inklusiboen alde egiten dute. 

Berriki, ZeroBidean sarietan aintzatetsi dute, ezbehar-tasa txikia izateagatik eta laneko arriskuen prebentzioarekin duen konpromisoagatik. Horri esker, erakundea erreferente bihurtu da prebentzioaren eta laneko segurtasunaren eta osasunaren kulturan. 

Laura Vélez-aernnova

 

Laura Vélez elkarrizketatu dugu, Aernnova Taldeko Laneko Arriskuen Prebentzioko zuzendaria, Taldearen prebentzio-ereduan sakontzeko eta beste erakunde batzuek zer ikaskuntza eta jardunbide egokitan hartu dezaketen inspirazioa ezagutzeko. 

 


Nola lortu duzue laneko prebentzioa eta osasunaren kudeaketa erakundearen estrategia orokorrean txertatzea? 

Erakundearen hierarkia-egitura osoa tartean sartuz lortu dugu, eta ulertuz laneko prebentzioa eta osasuna ez direla bakarrik araudi-betebehar bat, gure kulturaren eta lan egiteko moduaren funtsezko zatia baizik. 

“Gainera, jendea da axola duena. Erakunde batek pertsonak erdigunean jartzen dituenean, prebentzioa betekizun gisa ikusteari utzi eta konpromiso partekatu bihurtzera igarotzen da”. 

 

Bikaintasunera iristeko “prebentzioaren kulturaren eskailera” kontzeptua aipatzen duzue. Zertan datza eta zeintzuk dira prebentzioaren kulturan aurrera egiteko pauso nagusiak?  

Prebentzioaren kulturaren eskailera edo Parker-en eskailera eredu bat da erakunde batek laneko segurtasunarekin eta osasunarekin duen konpromisoa eta heldutasun-maila neurtzeko. Eredua bost inplikazio-mailatan oinarrituta dago: 

  1. Maila patologikoa. 
  2. Maila erreaktiboa. 
  3. Maila kalkulatzailea. 
  4. Maila proaktiboa. 
  5. Maila sortzailea. 

Maila sortzailea eskaileraren gorenean dagoena da, eta horraino iritsi da Aernnova. Puntu horretan, segurtasuna eta osasuna erabat txertatuta daude erakundearen estrategian eta erabakiak hartzean. Prebentzioa lan egiteko moduaren parte naturala da, eta enpresaren egitura osoak konpromiso erreala eta partekatua dauka. Lidergo ikusgarri bat nahi dugu. Horren adibide dira Aernnova Taldeko industria-enpresetan ibilbideak eginez egiten ari den “Safety Walks” deiturikoak. Ekimen horretan, eguneroko zereginak osatzeko eta seguruago lan egiteko moduak zehazteko beharrezkoak diren ekintzak behatzen dira, eta ingurunean saihestu daitezkeen istripuak edo gorabeherak eragin ditzaketen akatsak detektatu. “Safety Walks” horiek aginte-kate osoan egiten dira, enpresako CEOtik hasita.   

 

Eredu horretan, zein zeregin du zuzendaritzak eta nola helarazten du konpromiso hori erakundean? 

Zuzendaritzak betetzen du kultura-aldaketaren eragile eta erreferente nagusiaren egitekoa. Zuzendaritzaren benetako inplikazio-mailak zehazten du enpresa eskaileraren zein mailatan dagoen. Erakundearen gainerakoa sentsibilizatzeko, funtsezko zenbait alderdi daude, hala nola komunikazioa, eredua eta pertseberantzia.  

 

Bitarteko agintariek funtsezko zeregina dute, taldeekin harreman zuzena baitute. Nola egiten duzue lan haiekin segurtasuna eguneroko operatiboaren parte dela bermatzeko? 

Pertsonak prebentzioko lider bihurtuz, laneko segurtasunean eta osasunean erreferenteak, eguneroko lanean. Beste alderdi bat da beren jarduna arrakasta-adierazleekin (KPIak) monitorizatzea; izan ere, emaitzak ez ezik, portaerak eta inplikazio-maila neurtzeko aukera ere ematen digute. 

 

Nola lortzen duzue langile guztiak inplikatzea prebentzioa partekatua eta parte-hartzailea izan dadin? 

“Always Safe” proiektua 2022aren amaieran jarri zen martxan enpresan, parte hartzeko tresnekin, hala nola “Safety Observations”. Testuinguru horretan, “idem kanalarekin” batera, langile guztiek etengabeko hobekuntzak egiteko proposamenak egitea sustatzen da. “Safety Award” sari ekonomikoa ezarri dugu. Sari horrek Taldeko sozietateren batean Arriskuen Prebentzioan urtean ezarri den iradokizun onena aintzatesten du. 

Nabarmentzekoa da “1.000 egun lan-istripurik gabe” aitorpena, bakoitzak egunetik egunera erakutsi duen konpromisoa, diziplina eta segurtasun-kultura aitortzeko eta eskertzeko. Lorpen horrek islatzen du beti gure burua zaintzeko eta gure jarduera guztietan bikaintasunari eusteko ahalegin kolektiboa. 

 

Aernnovak balio nagusi gisa pertsonekin duen konpromisoa dela zehaztu du. Zer irizpideri jarraitzen diozue enpresa osasuntsu gisa? Zein ekimen garatzen dituzue ongizate emozionala, kontziliazioa, dibertsitatea eta abar zaintzeko eta nola lotzen duzue jasangarritasunaren ikuspegiarekin? 

  • Ikuspegi integral eta zeharkako batekin, istripuen prebentzioa eta osasun mentalaren zaintza ahalbidetzen duena. 

 

  • Lidergo parte-hartzailearekin, politikak diseinatuz eta jarduerak eginez, hala nola plantillaren beharrizanak aktiboki entzutea klima-inkesten eta “gosariak gerentziarekin” egitasmoen bitartez.  

Gure jasangarritasun-estrategiarekin bat etorrita, Aernnovan beti defendatu dugu pertsonak direla gure aktibo nagusia. 5.900 langile baino gehiago gara, 20 nazionalitate baino gehiago ditugu, % 29 emakumeak dira; beraz, aniztasuna funtsezko balioa da pertsonen kudeaketaren gure ikuspegian.  

 

Zuen eredua beste enpresa batzuetan ere aplika daitekeela uste duzu? 

Argi eta garbi industria-taldea gara, eta lantokiak bulego-eremuan ere baditugu. Eredua ez dugu aldatzen herrialde edo teknologia produktiboaren arabera, gure lan egiteko modua da, besterik gabe. Hortaz, % 100 da aplika dakioke edozein enpresari.    

““Always Safe” proiektua ezin hobeto aplika daiteke edozein lan-ingurunetan; izan ere, parte-hartzean eta lan-baldintzen etengabeko hobekuntzan oinarritzen da, zein enpresa-sektoretakoak diren gorabehera”. 

 

Etorkizunari begira, zer helburu ezarri ditu Aernnovak laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan? 

“Helburu argi bat dago gure jasangarritasun-estrategiaren barruan. Gure xedea da 2030erako laneko istripuen maiztasun-indizea % 40 murriztea”. 

Abian jarritako ekintzak monitorizatzeko adierazle berriak ezarri dira, eta “lagging indicators” (denbora errealeko adierazleak) eta “leading indicators” (edo iragarpen-adierazleak) bereizi dira.  Azken horiekin joerak ikusten ditugu eta istripuak eragin ditzaketen egoerak bideratu ditzakegu. 

Ingurumena zaintzen dugu 

medioambiente 2026

Ekainaren 5ean, Ingurumenaren Mundu Eguna ospatuko dugu. Gure planeta larrialdian dago, eta NBEk gogorarazten digun moduan, ezinbestekoa da berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea berotze globala geldiarazteko.   

Zer egin dezaket ingurumena babesteko eta klima-aldaketa geldiarazteko?  

“Keinu txiki bakoitzak axola du” 

Pentsatu zure kontsumo elektrikoari, bidaiei, erosketei, elikadurari eta abarri buruz. 

Nazio Batuek, GJHen bitartez, gure eguneroko ohituretan egin beharreko aldaketa txiki batzuk proposatzen dizkigu, gure karbono-aztarna murrizten lagundu ahal izateko. 

  • Etxean energia aurreztea: LED bonbillak erabiltzea, kontsumo baxuko etxetresna elektrikoak izatea, ur hotzarekin garbitzea, arropa esekitzea lehorgailua ibili ordez. Etxeko energia-efizientzia hobetzea, isolamendu hobea jarriz, eta berogailuaren eta aire girotuaren erabilera murriztea.   
  • Energia garbiak: Aldatu zure etxeko energia mota, galdetu konpainia elektrikoari nondik datorren energia (petrolioa, ikatza, gasa) eta iturri berriztagarrietara aldatu daitekeen, hala nola eguzki-energiara edo energia eolikora. 
  • Mugikortasun jasangarria: Oinez, bizikletaz edo garraio publikoz mugitu. Distantzia luzeetarako, trena, autobusa edo auto partekatua hegazkina baino aukera garbiagoak dira. Autoa aldatzekotan bazabiltza, kontuan hartu elektriko bat erosteko aukera. 
  • Kontsumo arduratsua: Erosi gauza gutxiago, erosi bigarren eskukoak, konpondu ahal duzuna eta birziklatu behar bezala, hondakinak eta plastikoak murrizteko. 
  • Elikadura kontzientea: Kontsumitu barazki, fruta, osoko zereal, lekale eta fruitu lehor gehiago, eta haragi eta esneki gutxiago. Landare-jatorriko elikagaien ekoizpenak emisio gutxiago sortzen ditu eta energia, lur eta ur gutxiago behar ditu. Janaria botatzean, janariaz gain, hura hazteko, ekoizteko, ontziratzeko eta garraiatzeko erabili ziren baliabideak eta energia xahutzen dituzu. Eta elikagaiak zabortegi batean usteltzen direnean, metanoa sortzen dute, berotegi-efektuko gas bortitza. Horrenbestez, erabili erosten duzuna eta bihurtu ongarri hondarrak. 
  • Ingurunea eta biodibertsitatea zaintzea: Ahal izanez gero, landatu bertako espezieak, saihestu produktu kimikoak eta intsektizidak eta parte hartu garbiketa-ekintza komunitarioetan. 
  • Zure diruak planetari eragiten dio: Aukeratu baliabideen erabilera arduratsuarekin eta emisioen murrizketarekin konprometitutako enpresen produktuak. Aurrezten ari bazara eta, adibidez, pentsio-funts batean inbertitzen baduzu, erregai fosilak edo deforestazioa babesten aritu zaitezke, egiaztatu zure aurrezkiak ingurumenaren aldetik jasangarriak diren enpresetan inbertitzen dituzula. 
  • Ozen hitz egin: Partekatu hurbileko pertsonekin ingurumena zaintzeko babesten dituzun ekintzak. 

Zer egiten dugu Mutualian ingurumenaren alde? 

Mutualian, jasangarritasuna gure eguneroko kudeaketan txertatuta daukagu, neurri hauen bitartez, besteak beste: 

  • ISO 14001 eta ISO 50001 ziurtagiriak mantentzea eta berritzea, ingurumen- eta energia-jardunaren etengabeko hobekuntzarekiko konpromisoa indartuz.  
  • Energia-kontsumoa eta horrekin lotutako emisioak murriztera bideratutako jarduketak finkatzea, hala nola luminariak pixkanaka LED teknologiarekin ordezkatzea, ekipoak beste efizienteago batzuekin berritzea edo energia-soluzio jasangarriak ezartzea, energia berriztagarrien instalazioak (fotovoltaikoak) eta aerotermia-sistemak barne. Halaber, % 100 jatorri berriztagarriko elektrizitate-hornidura bermatzen da. 
  • Energia-kontsumoen jarraipena eta kontrola; horrek ahalbidetzen du hobekuntza-aukerak identifikatzea eta datu objektiboetan oinarritutako neurri zuzentzaileak sustatzea, energia kudeatzeko sistemaren printzipioekin bat etorrita. 
  • Hondakinak murriztearen eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua, erabili eta botatzeko plastikoak pixkanaka ezabatuz, material berrerabilgarriak edo birziklagarriak erabiliz eta kontratazio- eta erosketa-prozesuetan ingurumen-irizpideak sartuz. 
    • Ur-banagailuen ordez sarera konektatutako iturriak jarri ditugu, eta kristalezko botilak eta pitxerrak erabili ditugu. Ekimen hori ingurumen-praktika egokitzat jotzen dute IHOBEk eta Europako Batzordeak. 
    • Pazienteek kotoi organikozko zakuak jasotzen dituzte orain, plastikozko nezeserren ordez, produktu jasangarriekin (banbuzko eskuilak, adibidez). 
    • Plastiko birziklagarria edo berrerabilgarria erabiltzea, ahal dugun neurrian. 
  • Kudeaketa zirkularra eta jasangarria: 
    • Garbitegiko arropa oihalezko poltsetan bidaltzen eta jasotzen dugu, eta paper edo kartoi birziklatua erabiltzen dugu gure barruko postarako. 
    • Gure lizitazioetan ingurumen-irizpideak txertatzen ditugu, eta material biodegradagarriak, plastikorik gabeko bilgarriak eta hornidura ekologikoak lehenetsi. 
    • Erabiltzen ez diren ekipoak eta/edo materialak ematea, hondakinak gutxitzen laguntzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko.  
    • Gure ekitaldi guztiak IHOBEren Erronka Garbia metodologiaren araberakoak dira. Prozedura horri esker, ingurumenaren gaineko inpaktu negatiboak minimizatzea ahalbidetzen da. 

 

Mutualian, lanean jarraitzen dugu gure jarduera egunez egun arduratsuagoa izan dadin, pertsonen osasuna eta gure planetaren osasuna zaintzeko.